Atzealdea ZIURrek Gipuzkoako 500 enpresen zibersegurtasuna hobetzen lagundu zuen iaz
Ziurrek Gipuzkoako 500 enpresen zibersegurtasuna hobetzen lagundu zuen iaz
Zentroak Plan Estrategiko berria onartu du. Plan horren helburua industriako enpresa txiki eta ertainei zibersegurtasunaren arloko neurriak hartzen laguntzea da, eta oso kontuan hartzen ditu funtsezko hiru alderdi: talentua, hornidura-katearen babesa eta gorabeheren kudeaketa.
Ziurrek hainbat helburu jasotzen ditu bere Plan Estrategiko berrian, industria-enpresa txiki eta ertainei zibersegurtasuna ezartzen laguntzea eta eremu horretan dagoen eskaintza hurbiltzea, mehatxu informatikoei erantzuteko gai izan daitezen. Gainera, dokumentuak funtsezko beste erronka batzuk ere jasotzen ditu, hala nola talentua sustatzea eta erakartzea, hornidura-katea babestea eta enpresa txiki eta ertainek gertakariak kudeatzeko plan bat ezartzeko beharra, zibersegurtasuna prozesu korporatibo bat gehiago izan dadin.
Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroa 2019an jaio zen, eta dagoeneko erreferente bihurtu da lurraldearen sektorean. Izan ere, 2021ean 500 industria-enpresa inguruk hartu zuten parte ZIURRek antolaturiko ekimenen batean.
Pandemiak bultzatutako telelanaren gorakadak eragin zuzena izan du enpresen zibersegurtasunean, eta hackerren erasoak ugaritu egin dira. ZIURrek egindako aholkularitza-, analisi- eta sentsibilizazio-lana erabakigarria da industria-inguruneko zibererasoen aurrean enpresek duten babes-ezkutua indartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, sektore pribatuarekin, enpresekin, unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko bultzatu duen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortutako erreferentziazko zentroetako bat da Ziur Fundazioa. ZIURren kasuan, industriaren zibersegurtasunarekin kezkatuta, industria arloko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko eta, aldi berean, Gipuzkoan sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko ari dira lanean.
Aholkularitza, probak eta autodiagnostikoa
2021ean, 40 enpresari eman zizkien euren segurtasun-beharrak sarera bideratzeko moduari buruzko aholkua, eta gaikuntza-tailerrak antolatu zituen, 100 profesional inguruk parte hartu zutelarik. Gainera, beste 110 industriek, https://diagnostikoa.ziur.eus/ webgunearen bidez eskura daitekeen autodiagnostikorako tresna erabili zuten zibersegurtasun-gaitasunen benetako balorazioa egiteko.
Era berean, 2021ean inauguratu zen industriako zibersegurtasunerako laborategiak zibersegurtasuneko proba ugari egiteko aukera eman du industria-arloko osagaietan, sistemetan, prozesuetan eta teknologietan. Laborategi horrek teknologiarik aurreratuena du eta enpresen eskura dago: industria- eta teknologia-sektoreko hainbat eragilerekin lankidetzan aritzeko proiektuetara dago irekita, proiektu pilotuak eta I+G+Bkoak egiteko; hainbat fabrikatzaileren soluzioak testatzeko, produktuak, osagaiak edo sistemak aztertzeko; gaikuntza-tailerrak emateko; etab.
Gainera, ZIURren behatokitik Gipuzkoako industria-sektorerako zibersegurtasun-arriskuei eta -mehatxuei buruzko analisiak eta txostenak egiten dira. Iaz zortzi txosten argitaratu ziren, hainbat gairi buruzko datu eta gomendioekin, hala nola gorabeheren aurreko erantzuna, industria-sektoreko mehatxuen adimena edo kanpo-hornitzaileen kudeaketa. Txosten horien 200etik gora deskargek erakusten dute interesa piztu dutela Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen kudeatzaileen eta arduradunen artean.
ZIURren jarduera guztia joan den azaroan argitaratutako aplikazioaren bidez ere badago eskuragarri. Aplikazio hori, txostenen eta analisien emaitzak, alertak, kontzientziazio-kanpainak, ekitaldiak eta zibersegurtasunarekin erlazionaturiko berrikuntzak zabaltzeko erabiltzen da.
Gora egin dute telelanaren gorakadak eragindako erasoek
Koldo Peciña ZIURreko zuzendariaren ustez, “ZIURrek industriako zibersegurtasunaren arloan duen jarduerak eragin bereziki positiboa izan du azken urtean”. Testuinguru horretan, pandemiak bultzatutako telelanaren hazkundeak eragindako eraso-kasuen gorakada azpimarratu du. “Horregatik, Peciñak dioenez, zentroak gomendioak eta prozedurak zabaltzeko lan berezia egin du, enpresek telelaneko eta hornitzaileen urruneko sarbideko mekanismoak behar bezala sekurizatuta izan ditzaten”. Fakturen ordainketan esku hartzeko nortasuna ordezteko erasoek eta ransomwareak (enpresa baten datuak eta informazioa bahitzea), “enpresa batzuk egoera zailean jarri dituzte, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa hazten ari direla ikusten ari garen arren, eta enpresa asko beren zibersegurtasun-prozesuak hobetzen ari diren arren”.
Joan den urtean zehar, ZIURrek hezkuntza-arloko aliantzak indartu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Zubiri Manteo eta Easo Politeknikoa lanbide-heziketako zentroekin, zibersegurtasunaren arloko prestakuntza sustatzeko.
Horrekin guztiarekin batera, ZIURrek Europako hainbat ekitaldi profesionaletan hartu du parte, industriako zibersegurtasunean esperientzia handiko zentro gisa duen profila indartuz eta sektoreko erreferentziazko eragileekin lankidetzan aritzeko gune berriak irekiz.
2019an ireki zenetik, ZIUR 800 industria-enpresa ingururekin, elkarteekin, zibersegurtasunaren arloko eragileekin, erakunde publikoekin eta ikastetxeekin aritu da lankidetzan, eta zibersegurtasunaren arloan Gipuzkoako industriarentzat konfiantzazko aliatu gisa finkatu da.