Atzealdea ZIURrek Bartzelonako Industry 4.0 Congress izenekoan hartu du parte
ZIURrek Bartzelonako Industry 4.0 Congress izenekoan hartu du parte
ZIUReko zuzendari teknikoak, María Penillak, Bartzelonan ospatu zen ‘Industry 4.0 Congress’ biltzarrean hartu zuen parte hilaren 30ean. Bertan, hainbat aditu bildu ziren ahultasunen aurrean digitalizazio sendoa ezartzeko jardunbide egokiei buruz hitz egiteko eta, horrela, industria-planten disrupzio-arriskuak gutxitzeko.
Bere hitzaldian, Penillak ZIURek produktu industrialari zibersegurtasunaren oinarrizko ebaluazio-zerbitzua emateko definitu duen metodologia azaldu zuen. Era berean, zentroko zuzendari teknikoak metodologia hori erabili duten enpresek izandako esperientzien eta lortutako emaitzen berri eman zuen.
Penillak, halaber, Gipuzkoako industriako enpresek zibersegurtasunaren arloan gaur egun duten egoeraren berri eman zuen, ZIURen Behatokiak ‘Rating’, ‘Deception’, ‘BAS’ eta ‘Spear Phishing’ esparruetan egiten dituen proiektu esperimentaletan oinarrituta. Horrela, lurraldeko enpresa txiki eta ertainen zibersegurtasuneko heldutasun-maila azaldu zuen, baita gaur egun beren sareetan jasaten ari diren erasorik ohikoenak ere.
‘Advanced Factories’ azokako ‘Industry 4.0 Congress’ Kongresu horren barruan, María Penillak, ‘Estandarrak eta zibersegurtasunaren ezarpena’ hitzaldian hartu zuen parte, beste aditu batzuekin batera, Manel Medina UPC-Schooleko zibersegurtasun masterreko zuzendariak eta Ramón Quirós Phoenix Contact enpresako IMA produktu-buruak, besteak beste. Hitzaldia Josep María Peiró Kataluniako Colegi d’Enginyers Industrials-eko ‘Smartcities’ lantaldeko presidenteak moderatu zuen.
Azoka Europa hegoaldeko industria sektorearentzako hitzordu teknologiko handia bihurtu zen, 41 milioi euroko inpaktuarekin. 351 enpresa erakusketarik beren azken soluzioak aurkeztu zituzten, eta 295 adituk industria-esperientziak partekatu zituzten hiru egunez, automatizazioaren, robotikaren edo adimen artifizialaren bidez produktibitate-maila berriak lortzeko. Kongresua Bartzelonan egin zen, eta pandemia aurreko edizioan baino izen-emate gehiago lortu zituen.