Atzealdea ZIURen zibersegurtasun laborategia handitu egin da robot industrialentzako soluzio batekin
ZIURen zibersegurtasun laborategia handitu egin da robot industrialentzako soluzio batekin
Robotika industrialeko zibersegurtasuna erronka berria izango da enpresentzat
ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak bere laborategiak eskaintzen dituen zerbitzuak zabaldu ditu, robot industrialen zibersegurtasunaren arloan Gipuzkoako enpresen posizioa indartzeko helburuarekin. Instalazio berria eskuragarri dago jada, zibersegurtasun arloko soluzioen enpresa erabiltzaileek eta fabrikatzaileek ingurune seguru batean dituzten egoera eta beharrak aztertu ahal izateko.
4.0 Industriaren’ garapena robotikaren garapena bultzatzen ari da, prozesuak automatizatzeko eta urrutitik kontrolatzeko funtsezko tresna gisa. Testuinguru horretan, robotika industrialak gero eta zeregin garrantzitsuagoa du eskariaren araberako fabrikazioa nagusitzen ari den ingurunean.
Koldo Peciña ZIUReko zuzendari nagusiak aitortu duenez “sektore hori oraindik hasiberria da eta etengabe hazten ari da; datozen urteetan bultzada handia izango duela aurreikusten da, eta enpresentzako erronka garrantzitsuenetako bat izango dela. Horrelako ekimenak abian jartzeak, Gipuzkoako industria-enpresei beren robotikan zibersegurtasuna hobetzen laguntzeko aukera emango dio ZIURi”.
Joera-aldaketa
Euskal enpresa askok, serieko fabrikazio-prozesuetan funtsezkoak diren gelaxka robotizatuko inguruneak dituzte. Hala ere, ZIURen ikusi da joera aldatu egin dela, konektatuago dagoen industriarantz, eta horretan langileen eta roboten arteko “elkarlana” gailentzen da. Enpresak, robotek fabrikazio-ingurune jakin batean lana errazten duten soluzio robotiko kolaboratiboak sartzen hasi dira.
Robotikaren hasieratik, fabrikatzaileek ahaleginak egin dituzte beren garapenen gaitasunak hobetzeko eta azken teknologiak sartzeko, robotak azkarragoak, eraginkorragoak eta elkarreragileagoak izan daitezen. Bilakaera horrek, Peciñak azaldu duenez, “roboten funtzionaltasunei lehentasuna ematea, eta zibersegurtasuna bezalako alderdi garrantzitsu bat bigarren plano batean uztea eragin du”.
Arrisku-egoera
Roboten azken belaunaldiak robot tradizionalek baino autonomia handiagoa izateko daude diseinatuta. Hardwarean eta adimen artifizialean egindako aurrerapenei esker, robotek gero eta mugimendu-askatasun handiagoa dute egituratu gabeko inguruneetan, espazio publikoak barne. Horietako asko Internetera konektatzeko diseinatuta daude. Interkonektagarritasun horren ondorioz, robotak erabat arriskuan daude eta ez dira seguruak, eta egoera benetan kritikoak eragiten dituzte.
ZIURek egindako azterketek agerian utzi dute roboten ahultasuna gero eta arazo ohikoagoa dela, 4.0 industriaren ezaugarriengatik batez ere. Testuinguru horretan, zibererasoak gero eta ohikoagoak eta espezializatuagoak dira. Zibergaizkileek, mehatxu arriskutsuagoa bihurtzen dituzten eta erasoen eraginkortasuna areagotzen laguntzen dieten teknika berritzaileagoak garatzen dituzte.
Hori dela eta, ZIURek uste du oso robotizatuta dauden Gipuzkoako industria-enpresei beren automatizazio-sistemen zibersegurtasuna hobetzen laguntzea funtsezkoa dela haien lehiakortasunerako. Soluzio horrekin, ZIURek osagai hori gehitzen dio bere zerbitzu-eskaintzari, enpresei beren robotak seguru bilakatzearen garrantzia eta zibereraso posible baten ondorioak hurbiltzeko.