Atzealdea ZIURek Makina Erremintaren sektoreko produktuen zibersegurtasuna ebaluatzeko proiektua abiarazi du
ZIURek Makina Erremintaren sektoreko produktuen zibersegurtasuna ebaluatzeko proiektua abiarazi du
AFMrekin lankidetzan ari da garatzen eta enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu
Urtebetez, Makina Erremintaren sektoreko lau enpresa erreferentek hartuko dute parte beren produktuen zibersegurtasun-maila eta nazioarteko araudiek planteatutako eskakizunen betetze-maila ebaluatzeko prozesuan. Proiektuaren azken helburua, Gipuzkoa produktu industrial ziberseguruaren ebaluazioan eta ziurtapenean erreferente bihurtzea da.
Horretarako, ZIURek industriako produktuak ebaluatzeko eta ziurtatzeko metodologia definitu du, nazioarteko IEC 62443 arauaren segurtasun-baldintzei jarraituz, eta Cyber Resilience Act izeneko Europako Batzordearen Erregelamendu Proiektua ere erreferentziatzat hartuta.
Lana, ZIURetik independentea den laborategi ebaluatzaile batetik egingo da. Prozesu osoan zehar enpresen ondoan jardun beharko du.
Beste sektore batzuetan gertatzen den bezala, Makina Erremintan, zibersegurtasuna lehiarako abantaila gisa ikusten da, bai ikuspegi teknikotik, bai enpresaren ikuspuntutik, eta beharrezkoa da horri laguntzea, bere sareetan intrusio maltzurrak, sabotaje kasuak edo ustekabeko manipulazioaren aurrean babesteko mekanismo guztiak ezarriz.
Europar Batasunetik eta nazioarteko beste erakunde batzuetatik, industriako produktuek eta hainbat sektoretako fabrikatzaile handien hornidura-kateek ere bete beharko dituzten errekerimendu eta eskakizun berriak bultzatzen ari dira zibersegurtasunaren arloan.
Ikuspegi horretatik, Koldo Peciña ZIUReko zuzendari nagusiaren iritziz “proiektu honek garrantzi estrategikoa du Gipuzkoako industria sektorearentzat, eragin handia izango duelako zibersegurtasun industrialaren sustapenean”. Horrela, uste duenez, industriako produktuen zibersegurtasunaren ebaluaziorako eta ziurtapenerako jarduerak “merkatu globalean modu lehiakorragoan kokatzea erraztuko dio industria-sektoreari, gero eta zorrotzagoak diren merkatuaren beraren eta nazioarteko araudien eskakizunei aurrea hartuz”.
AFMren ustez, “makina erremintaren sektoreak, beste ezer baino gehiago, konfiantza saltzen die bezeroei, maila teknologiko handiko produktuen bidez. Konfiantza hori hainbat esparrutatik erakusten da, baina bat, hasiberria eta egiaztapen-mekanismo homologatuak eta errazak eskatzen dituena, zibersegurtasuna da.
Lau helburu
Makina Erreminta erreferentziazko sektorea da Gipuzkoan, eta eraldaketa digitaleko prozesu betean dago. Testuinguru horretan, proiektu honek merkatuaren gero eta eskakizun handiagoari erantzuteko aukeraz gain, sektorea eta lurraldea makinen eta zerbitzuen zibersegurtasuna ebaluatzeko eta ziurtatzeko gune aitzindari gisa kokatzeko aukera ematen du.
Orain abian jarriko den proiektu pilotuak lau helburu nabarmen ditu: ZIURek garatutako metodologiaren baliozkotasuna aztertzea, industriako produktuen zibersegurtasuna ebaluatzeko etorkizuneko tresna gisa; aztertutako industriako produktuen zibersegurtasunaren betetze-maila eta heldutasuna identifikatzea; lurraldeko enpresa-sareak industriako produktuak ebaluatzeko dituen gaitasunak aztertzea; eta, azkenik, Makina Erremintaren sektoreari bere merkatuko arau-eskakizunek zibersegurtasunaren arloan planteatutako eskakizunak ezagutzen laguntzea.