Atzealdea ZIURek, Urola Kostako ETEak hezi ditu zibersegurtasun-gorabehera bati aurre egiteko
ZIURek, Urola Kostako ETEak hezi ditu zibersegurtasun-gorabehera bati aurre egiteko
ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, Urola Kosta Mankomunitatearekin batera, zibersegurtasuneko webinar bat burutu du eskualdeko enpresa txiki eta ertainentzat, martxoaren 22an. Hiru jardunaldik osatzen duten programaren lehenengo saio honetan, enpresak gorabehera informatiko bat nola kudeatu behar duen azaldu zaie.
Jardunaldiak, era berean, Zarauzko eta inguruko enpresak sistema informatikoak babesteko beharraz sentsibilizatzea zuen helburu, eta, aldi berean, zibererasoei aurre egiteko jarraibideak eta protokoloak ezartzearen garrantziaz eta ziber-gertakarien simulazioak egitearen eraginkortasunaz kontzientziatzea. Behar bezala babestuta ez dagoen sistema baten aurkako eraso baten ondorioak suntsitzaileak izan daitezke, ekoizpen-katea etetetik hasi eta enpresaren datuen ihesera arte, horrek ekar ditzakeen diru-galera kontaezinekin.
ZIURek jardunaldian parte hartu duten ETE guztiei, jarraitu beharreko urratsak eta urrats horietako bakoitzean zibersegurtasun-gorabehera bati aurre egiteko eraginkorrak diren ekintzak zeintzuk diren zehaztu dizkie. Era berean, ziberkrisiak kudeatzeko batzorde bat sortzeko jarraibideak ere eman dizkie, egitasmoa aurrera eramateko ezinbestekoak izango diren profil profesionalak zehaztuz. Azkenik, gorabehera informatikoei aurre egiteko plan bat abiarazteko prozezua adierazi die erakundeei, bai eta plan horrek izan beharko lituzkeen atalak ere.
Amaitzeko, parte-hartzaileek azaldutakoari buruzko eztabaida eta esperientzia-trukaketa egin dute.
Zibersegurtasuneko programa
Hiru jardunaldik osatzen duten programa % 100ean finantzaturik dago eskualdeko enpresentzat eta Urola Kostako Mankomunitateak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmen horren helburua ETEen (ETE DIGITALAK) eraldaketa digitalaren eremuan tokiko garapenaren arloko elkarlaneko gobernantza bultzatzea da.
Hurrengo jardunaldia, online formatuan eta enpresa txikiagoei zuzenduta, apirilean izango da, eta barne-zibersegurtasuneko estrategiak eta ekimenak definitzera, ebaluatzera eta hobetzen laguntzera zuzenduta egongo da. Hirugarren eta azken jardunaldia maiatzean izango da, eta emakume ekintzaileei zuzendutako topaketa presentziala izango da. Bertan, enpresa-proiektuak segurtasunez abian jartzeko ezinbesteko jarraibideak emango zaizkie.