Atzealdea ZIUR eta Women4Cyber elkarlanean arituko dira zibersegurtasunaren arloan emakumeak betetzen duen tokia sustatzeko
ZIUR eta Women4Cyber elkarlanean arituko dira zibersegurtasunaren arloan emakumeak betetzen duen tokia sustatzeko
Zibersegurtasunaren sektorean gero eta profesional gehiago eskatzen direnez, talentu espezializatua prestatzeko eta arlo horretan emakumearen presentzia bultzatzeko beharra nabarmendu da. Norabide horretan aurrerapauso bat emateko asmoz, ZIURek (Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa) eta Women4Cyber Spainek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, emakumeak zibersegurtasunean betetzen duen tokia bultzatzeko ekimen bateratuak garatzeko.
Sinatutako lankidetza-hitzarmenak prestakuntzarako, aholkularitzarako, ikerketarako eta ezagutzaren zabalkuntzarako jarduerak elkarrekin egitea aurreikusten du. Testuinguru horretan, interes komuneko arloetan azterlanak eta ikerketa-proiektuak egitea aurreikusten da, bai eta elkarri aholkularitza ematea eta bi erakundeen helburuak indartuko dituzten jarduerak antolatzea ere.
Hitzarmena duela gutxi sinatu zuten Eduvigis Ortiz Women4Cyber Spaineko presidenteak, eta Koldo Peciña ZIUReko zuzendari nagusiak, emakume enpresariak eta zuzendariak beren negozioetan zibersegurtasunak duen eraginari buruz sentsibilizatzeko Aspegirekin (Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartea) elkarlanean antolatutako jardunaldi baten barruan.
W4C Spain
Women4Cyber Spain (W4C Spain) sektorean genero-aniztasuna bultzatzeko eta emakumeak Espainiako zibersegurtasunean betetzen duen tokia ikusarazteko sortutako ekimena da. Elkartea Europako Zibersegurtasun Erakundeak (ECSO) sortutako Women4Cyber.eu-ren Espainiako kapitulua da.
Hainbat proiektu eta ekimenen bidez, W4C Spain lankidetza gune bihurtu da, bai mundu akademikoan, bai ikerketan eta industrian zibersegurtasunean lan egiten duten emakumeek ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. Aldi berean, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien (IKT) arloan emakumearen posizionamendua areagotu nahi du, zibersegurtasunaren arloan, batez ere, ekosistema sozial eta enpresarial inklusiboagoa, askotarikoagoa eta parte-hartzaileagoa izateko.