Atzealdea ZIUR eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa aliatu dira, zibersegurtasun arloko formakuntza indartzeko

2021 / 06 / 24
ZIUR eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa aliatu dira, zibersegurtasun arloko formakuntza indartzeko

Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatu eta ZIUR Fundazioko presidente den Jabier Larrañagak eta Mondragon Unibertsitateko (MU) Goi Eskola Politeknikoko zuzendari den Carlos Garciak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren eta Goi Eskola Politeknikoaren artean. Akordioari esker, bi eragileek zibersegurtasunaren arloan egiten duten formakuntza alorreko elkarlana indartuko dute, bai eta esparru horretan ezagutza berritzeko, sortzeko eta eraldatzeko jarduerak bultzatu ere. Akordioak urtebeteko indarraldia du, eta urtero berrituko da. Bi erakundeek hilabeteak daramatzate elkarlanean, eta, arduradunek nabarmendu dutenez, orain arte oso emankorra izan den lankidetza sendotzera dator hitzarmenak.

Larrañagak gogorarazi duenez, ZIUR Etorkizuna Eraikizen baitan sortutako proiektua da, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuneko erronkei elkarlanean aurre egiteko bultzatutako programa. Horren harira, ZIUR eta Mondragon Unibertsitatearen arteko aliantza albiste ona dela esan du, "Gipuzkoan, hezkuntza arloan zibersegurtasunean erreferente diren erakundeetako baten aurrean gaudelako". Horren adibide gisa, gogoratu du Zibersegurtasuneko Masterra 2017tik ematen dela MUn, unibertsitate honen eta foru erakundearen arteko lankidetzaren emaitza izan zena.

Foru Aldundiko arduradunak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemiak digitalizazio prozesua azkartzea ekarri du sektore guztietan, industria barne. Horrek abantaila ugari dakartza, baina aldi berean zibersegurtasunaren mehatxuari atea zabalik uzten dio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera, delinkuentzia-tasak % 18 egin zuen behera Euskadin 2020an, baina delitu informatikoek ere gora egin zuten proportzio berean (+% 18). "Beraz, zibersegurtasuna gaur egun lantzea ez da aukera bat, behar bat baizik, eta Gipuzkoa eta bere industria ondo kokatuta daude arlo honetan ZIURen lanari esker", azpimarratu du.

          Carlos Garciak, bere aldetik, zentzu berean hitz egin du, nabarmenduz azken urteetan zibersegurtasunaren inguruan Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen formakuntza eskaintza zabaldu edo indartu egin dela. “Eskaintzen dugun Unibertsitate Master berri batean zibersegurtasuna lantzen dugu (Datuen Analisia, Zibersegurtasuna eta Hodei-Konputazioa izeneko masterra, zehazki), eta profesionalei zuzendutako ikastaroetan ere gora egin dute gai honi lotutako ikastaroek” gogoratu du unibertsitateko arduradunak, azpimarratuz helburua dela “talentu gaztea zein profesionalak espezializatzea enpresen eta gizartearen erronkei aurre egin diezaieten”.  

Ekintzak elkarlanean

Hitzarmenak jasotzen duenez, bi eragileek hainbat ekintza egingo dituzte elkarlanean: unibertsitatearen eta enpresaren arteko Formakuntza Duala bultzatzea; ekoizpen ehunak dituen beharretara egokitutako talentua sortzea eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea; topaketak, konferentzia, master eta formakuntza eta dibulgazioa ikastaroetan parte hartu eta honelakoak antolatzea, berrikuntza eta ezagutza sortu eta transformatzea helburu duten jarduerak bultzatzearekin batera; ordezkaritza eta lan foroetan, kongresuetan edo ferietan parte hartzea, baita nazioartean ere; bi aldeek bultzatu ditzaketen edo ekarpenen bat jaso dezaketen kontaktu, sare eta intereseko proiektuak identifikatzea.