Atzealdea ZIURek sektoreen eta herrialdeen arabera bete beharreko zibersegurtasun-eskakizunak errazten dizkie enpresei
ZIURek sektoreen eta herrialdeen arabera bete beharreko zibersegurtasun-eskakizunak errazten dizkie enpresei
Zibersegurtasuneko zentroak Liburu Zuri bat egin du, Gipuzkoako industriak jarduten duen herrialdeetan aplika daitezkeen zibersegurtasuneko araudi eta estandar guztiak biltzen dituena. Horretarako, ZIURek, bere webgunearen bitartez, enpresek sektoreka eta herrialdeka bete behar dituzten zibersegurtasun-eskakizunen katalogo bizia izan nahi duen tresna bat jarri du martxan.
Industria-sektoreko erakundeak eta, zehazki, fabrikatzaile handien hornidura-katea osatzen duten enpresak daude zibererasotzaileen jomugan. Izan ere, hainbat azterketek aurreikusten dute enpresa handien hornidura-katea osatzen duten prozesuei zuzendutako erasoen kopurua biderkatu egingo dela datozen bi urteetan. Horregatik, Koldo Peciña ZIUReko zuzendari nagusiaren esanetan, hornitzaile askori zibersegurtasuneko estandar berriak ezartzeko eskatzen ari zaie. Sektore askotan, enpresa hornitzaileen zibersegurtasunean heldutasun-maila handiagoa izatea lehiakortasun-faktore erabakigarria da.
Hainbat sektoretako Gipuzkoako industriak, azken hilabeteetan, produktuak edo zerbitzuak garatzen dituzten fabrikatzaile handiak arlo horretan eskakizun berriak betetzeko premiari aurre egin behar izan diote. Egoera horren aurrean, ZIURek kontsultarako tresna bat garatu du, etengabe eguneratua, enpresek bete behar dituzten araudiak ezagutu ahal izan ditzaten.
Tresna hau eraikitzeko, Gipuzkoako industria-sektore guztiak identifikatu dira EJSN kodeen bidez, eta irismena duten herrialdeak hautatu dira, Gipuzkoako industria-erakunde desberdinen egoitzak kontuan hartuta, baita bezero potentzialak dituzten herrialdeak ere. Zibersegurtasuneko arauak eta estandarrak identifikatu ondoren, horietako bakoitza aztertu da, industria-sektoreetan duten aplikagarritasuna jakiteko. Bilaketa erraz egin daiteke herrialdeka edo sektoreka.
Gero eta garrantzi handiagoa du zibersegurtasunak industria-sektoreko enpresetan, eta gero eta handiagoa da gailu teknologikoak erabiltzea prozesuen euskarri gisa. Produktua biltzen duen hornidura-kateak, erosketa eta fabrikaziotik hasi eta bezeroari azken entrega egin arte, eragin handia du industria berrian; izan ere, produkzio-prozesu batean parte hartzen duten erakundeen arteko elkarreragin handiak eraso-azalera handitzea eragiten du. Ziberdelitugileek egoera hori aprobetxatu dute, eta azken hilabeteetan hainbat enpresaren hornidura-kateari zuzendutako erasoak areagotu egin dira.