Atzealdea Zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen inpaktuak 150 enpresa baino gehiago bildu ditu
Zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen inpaktuak 150 enpresa baino gehiago bildu ditu
MUBIL eta ZIUR fundazioek, mugikortasunaren industriari bere jardueran eragina duten eta izango duten zibersegurtasuneko arau-eskakizun berriak hurbiltzeko enpresa-topaketa antolatu dute. Jardunaldian sektoreko adituek eta enpresek hartu dute parte, eta bai ekoizpen prozesuak, bai fabrikatzen dituzten osagaiak eta ibilgailuak ziberaseguru gisa ziurtatzeko orduan dituzten esperientziak partekatu dituzte.
Jardunaldiak mugikortasunaren arloan lan egiten duten eta zibersegurtasun araudi berriek beren prozesu, produktu eta zerbitzuetan eragin zuzena dutela ikusten ari diren erakunde ugari bildu ditu. Errealitate berria da, eta mugikortasun adimenduna eta jasangarria bultzatzeko erronkak zibersegurtasunaren ikuspegia jarduera horri lotutako prozesu guztietan txertatzea dakar. Hala adierazi dute hainbat ikuspegitatik topaketan parte hartu duten pertsona guztiek.
Ekitaldiaren hasieran, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, zibersegurtasunak “lehiakortasunaren zeharkako faktore gisa duen garrantzia” azpimarratu du. “Digitalizazio-prozesuak aurrera egiten duen heinean, gero eta pisu handiagoa du, baita mugikortasunean ere, konektatutako ibilgailu-eredu autonomorako trantsizioan. Aurrerapen berriek erronka berriak ere badakartzate, eta horrek zibersegurtasunaren ikuspegia txertatzera behartzen gaitu. Erregulazioari edo araudiari dagokionez ere bikainak izan behar dugu, ukiezinei eta prozesuei dagokienez, ezagutza eta jardunbide egokiak horrelako ekimenekin partekatuz”.
Ildo beretik, Koldo Peciñak eta Ane Insaustik, ZIUR eta MUBILeko arduradunek “eskakizun berri horiek gure industria-sarean duten benetako eragina” azpimarratu dute, “automobilgintzan, garraioan eta mugikortasunean lan egiten duten enpresen presentzia handia eta sektore horrek etorkizunean aurrean izango dituen erronka zorrotzak direla eta”.
David Jimenez, Zerolynx y Osane Consulting-eko Mugikortasun arloko Zibersegurtasun Departamentuko zuzendariak azaldu duenez “zibersegurtasuna funtsezko baldintza da aurrerapen teknologikoak bide-segurtasunean eragin negatiborik izan ez dezan”. Hori dela eta, adituak adierazi duenez, “argi dago fabrikatzaileek zibersegurtasuna lehenespenez aplikatu behar dutela, diseinutik abiatuta”.
Ikerlaneko David Gonzálezek, Eurocybcar-eko Azucena Hernandezek, Ceit-eko Alfonso Brazálezek eta Ziur-eko Maria Penillak araudiei eta ziurtagiriei buruz hitz egin dute xehetasunez. Beraien esperientziaren arabera, konektatuta dagoen ibilgailuari "end-to-end" ikuspegitik heltzea komeni da, katean parte hartzen duten eragile guztiak kontuan hartuta: osagaietatik ibilgailuraino, sistema gisa ikusita, eta konexioari eusten dioten azpiegitura eta komunikazioak kontuan hartuta.
Jardunaldiaren beste une batean, makina-erremintaren sektorea eskakizun berri horiei nola aurre egiten ari den aztertu da. Horretarako, mahai-inguru batean bildu dira Txemi Viedma Mondragon Korporazioko Eraikuntza dibisioko ordezkaria, Eneko Anasagasti Goizper-ekoa; Iñaki Lamikiz Fagor Arrasatekoa; eta Ernesto Lauzirika Laga Consulting-ekoa. Beraien ustez, beharrezkoa da sektoreko enpresek, sortzen ari diren eta datozen hilabeteetan sortuko diren araudi berriek ematen duten balioa ikustea, eta, horren ondorioz, horretan inbertitzea eta eskakizun horiek beren barne-prozesuen zibersegurtasunaren heldutasuna hobetzeko baliatzea.
Automobilgintzaren balio-katea osatzen duten enpresen ikuspegitik hau uste da: “jakin behar dugu OEM bati zibersegurtasun ziurtagiri baten derrigortasuna aplikatzen zaionean, araudi hori, ezinbestean, bere hornidura katean zehar transmititzen dela”. Hala adierazi dute Batz-eko Javier Benitok, Laga Consulting-eko Rubén Lauzurikak, GKNko Jorge Palomarrek eta Mubil-eko César Gutierrezek. Beraien ustez, nahitaezkoa da “heltzen zaigun olatu horretarako” prest egotea eta, edozein ziurtagiriren aurretik, zuzendaritza kontzientziatzeko lanari ekitea, beharrezkoak diren barneko eta kanpoko baliabideak eskaintzeko eta prozesuari arrakastaz aurre egiteko.
Topaketa amaitzeko, CAFeko Zigor Arosak eta NUUK Mobility Solutions-eko Ixone Busturiak hitz egin dute, eta bakoitzak ibilgailuen fabrikazioan eta mugikortasun-soluzioetan zibersegurtasunaren homologazio- eta ziurtapen-prozesuetan izandako esperientziak azaldu ditu.
Arosak trenbidearen negozio-lerroan jarri zuen azpimarra. Haren hitzetan, arlo honek dituen “prozesuak garatzea eta giza-gaitasun zein teknikoak sustatzea” funtseskoa da. Era honetan produktuen bizi-ziklo osoan zibersegurtasuna eta arriskuen-kudeaketa barneratu ahal izango da, hori izango delarik erronka hau era arrakastatsuan burutzeko bide bakarra”.
Busturiak, bere aldetik, bere ibilgailuetan egindako testen eta ziurtapenaren garrantzia azpimarratu du, eta AENORen “Zibersegurtasuna ibilgailuetan” ziurtagiria jaso izanak NUUK Mobility Solutions-en ezarri duen mugarria. Haren iritziz, “arauzko prozesuaren hasieran gaude; izan ere, erabilera-modu berrien, ibilgailu-tipologia berrien, teknologia berrien eta gero eta konexio-maila handiagoen aurrean, araudiek errealitate berriei erantzun behar diete”.