Atzealdea Zibersegurtasuna automobilgintzaren sektorean: nola saihestu 30.000 eurorainoko isunak

2024 / 03 / 20
ZIURek, Euskadin 20.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten eta maila globalean 120.000 pertsona baino gehiagori lana ematen dieten 300 enpresak osatzen duten industria-sektore horrek bete behar duen UNECE/R155 araudiari buruzko txostena argitaratu du.

Zibersegurtasuna automobilgintzaren sektorean: nola saihestu 30.000 eurorainoko isunak

ZIURek 30.000 eurorainoko isunak saihesteko automobilgintzaren sektoreak bete behar duen UNECE/R155 araudiari buruzko txostena argitaratu du. Dokumentu horren bidez, zentroak lortu nahi duen helburua da Euskadin pisu handia duen industria horrek –Estatuko automobilgintzako osagaien enpresen % 50 eta 20.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten 300 konpainia biltzen ditu– araudia bertatik bertara ezagutzea eta nola aplikatu jakitea. Erregelamendu horrek 2024ko uztailaren 1etik aurrera saltzen diren ibilgailu berri guztietan izango du eragina, eta fabrikatzaileek zein hirugarrenek aplikatu beharko dute. Beraz, ZIURek araudia betetzen dela ziurtatzeko batera lan egin dezala eskatzen dio sektoreari.

Ibilgailuen iraultza teknologikoa izugarria izan da azken urteotan. Gero eta ohikoagoa da autoek zenbait funtzionalitate izatea, hala nola hurbiltasun-sentsoreak eta hainbat ibilgailu elkarrekin konektatzen dituzten sareak sortzeko sistemak, edo errepidearen egoerari buruzko informazioa partekatzeko sistemak, ibilbiderik onena identifikatu ahal izateko, besteak beste.

Baina, ohikoa denez, teknologiaren gorakada horrek nabarmen areagotu ditu zibersegurtasunaren arloko arriskuak. Zehazki, orain zibererasotzaileek aukera gehiago dituzte erasotzeko, ahultasunak baliatu baititzakete ibilgailuen sistemetara sartzeko, informazioa lapurtzeko eta, are gehiago, maneiu-sistemak erabilezin bihurtzeko. Horrek arriskuan jarriko luke pertsonen segurtasuna. Gainera, finantzekin eta ospearekin erlazionatutako arrisku handia dago ibilgailuaren bizi-zikloan sartuta dauden fabrikatzaileentzat eta hirugarrenentzat, gutxieneko baldintzak betetzen ez badituzte eta, beraz, erasoa jasaten badute.

Gai hori hain garrantzitsua denez, Ibilgailuei buruzko Erregelamenduak Harmonizatzeko UNECEren Munduko Foroak (WP.29), Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoaren Garraio Jasangarriaren Dibisioaren barruan dagoen lantaldeak, UNECE/R115 erregelamendua garatu eta argitaratu zuen. Beraz, ibilgailuak zibersegurtasun arloko ziurtagiri hori izatera behartuta daude, eta araudi hori betetzen ez badute, sektoreak 30.000 eurorainoko isunak jaso ditzake saldutako unitate bakoitzeko. UNECE/R115ak 2022ko uztailaren 1etik aurrera Europar Batasuneko fabrikatzaileak homologatzen dituzten modelo guztietan du eragina gaur egun, eta 2024ko uztailaren 1etik aurrera saltzen diren ibilgailu berri guztietan izango du eragina.

Zibersegurtasuna Kudeatzeko Sistema

Hala ere, 2024ko uztailaren 1a baino lehen egin diren homologazioei dagokienez, ibilgailua ezin izan bada Zibersegurtasuna Kudeatzeko Sistemaren (CSMS) arabera garatu, fabrikatzaileak frogatu beharko du eragindako modeloaren bizi-zikloan zibersegurtasuna kontuan hartu dela. Hala, araudiaren barruan, ibilgailuek zibersegurtasun arloan kontuan izan behar dituzten eta horien kontra borrokatzeko prestatuta egon beharko diren 70 mehatxuren zerrenda dago. Fabrikatzailea ez den kanpoko erakunde batek egiaztatu beharko du hori.

Automobilgintzaren euskal sektoreak zibersegurtasun araudiak betetzeko izan ditzakeen zalantzak argitzeko egin du txosten hau ZIURek. Bertan, onarpen prozesu osoa, egin beharreko egiaztapenak eta tartean dauden enpresek gauzatu beharreko ekintzak zehazten dira. Gainera, zibersegurtasuneko beste araudi baten berri ere ematen du, softwarearen urrutiko eguneratzeak kudeatzeko sistemetan zentratutako UNECE/R156. Araudi horrek eragina izango du, baita ere, 2024ko uztailaren 1etik aurrera merkaturatzen diren ibilgailu berri guztietan.