Atzealdea María Penilla da ZIUR Fundazioko zuzendari berria
María Penilla da ZIUR Fundazioko zuzendari berria
"Ondo ezagutzen du proiektua, gure industria-sarea, eta lidergoa eta ekimena ditu", nabarmendu du Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak
María Penilla (Santander, 1975) ZIUR Fundazioko zuzendari berria da. Telekomunikazioetako Goi Mailako Ingeniaria da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Masterra du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, euskaraz hitz egiten du eta ingelesa menderatzen du. Erantzukizun berria ez zaio arrotz gertatuko; izan ere, 2020ko irailetik gaur arte ZIUReko KTZ/zuzendari tekniko gisa lan egin du, Fundazioaren azpiegitura eta estrategia teknologikoa kudeatuz eta Gipuzkoako industria-enpresen eskura jartzen diren zerbitzuak definituz eta emanez.
Aurretik, Penillak ibilbide luzea egin zuen sektore pribatuan, BDM-Exclusive Networks, Telenor Comunicaciones, Ibermatica eta Motorola bezalako enpresetan. Esperientzia tekniko eta kudeaketa-esperientzia handia du ingeniaritzako instalazio- eta mantentze-proiektuen garapenean, ekipoen antolaketan eta kudeaketan; aurresalmenta eta merkataritza-garapena teknologiaren eta telekomunikazioen esparruan, eta komunikazio-ekipoen segurtasunaren arloan. Koldo Peciñaren lekukoa hartzen du ZIUReko zuzendaritzan, hura legealdi honetan Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari izendatu baitute.
Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak "oso positibotzat" jo du Penilla izendatzea arduradun nagusi. "Pertsonarik egokiena da, eta hainbat arrazoirengatik da egokia: proiektua, haren izateko arrazoia eta erronkak oso ondo ezagutzen dituelako; Aldundiaren talde ekonomiko berria osatzen dugunok ezagutzen gaituelako eta gurekin lan egin duelako; lurraldeko enpresak ezagutzen dituelako, haiekin lankidetzan aritzen baita; eta guk hura ezagutzen dugulako. Oso profesional kualifikatua da, kudeaketa- eta lidergo-gaitasuna du, ekimena, gure industria-sarearen eta bere erronken ikuspegi zabala, eta elkarlanean aritzen badaki".
Gaineratu duenez, "eraldaketa digitaleko prozesuak eta adimen artifiziala bezalako teknologien agerpenak zibersegurtasuna gero eta garrantzitsuagoa izatea eragingo dute gure industrian, bai mehatxuak prebenitzeko, bai garapen ekonomikorako aukera berriak sortzeko. Beraz, ZIURek, Mariaren bultzadarekin, eginkizun estrategiko bat izaten jarraituko du gure enpresen aliatu gisa, batez ere txiki eta ertainena, esparru horretan".