Atzealdea Konputazio kuantikoaren ondorioz eraso patroi eraginkorragoak daudela ohartarazi du ZIURek
Konputazio kuantikoaren ondorioz eraso patroi eraginkorragoak daudela ohartarazi du ZIURek
Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak ‘Konputazio kuantikoa industria-inguruneetan’ gaiari buruzko txosten berria kaleratu du eta bertan zenbait gomendio ematen ditu
ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, ‘Konputazio kuantikoa industria-inguruneetan’ izeneko txosten berria argitaratu du. Bertan ohartarazi duenez, teknologia hori oraindik hasierako fasean dagoen arren, zibersegurtasunaren arloan erabilera-kasu berriak identifikatu dira, hala nola eraso-patroi eraginkorragoak edo zifratze-algoritmo sendoagoak.
Konputazioaren gaitasuna ezin da gaur egun dagoen beste edozein teknologiarekin alderatu, izan ere egungo ordenagailuek egiteko milaka urte beharko lituzketen kalkuluak milisegundotan egin ditzake. Hori dela eta, teknologia horrek dakartzan onurei zibersegurtasunaren munduan dagoen arrisku handia ere gehitu behar zaie. Adibide gisa, algoritmo zifratu baten sendotasuna oso problema matematiko konplexuak ebazteko zailtasunean oinarritzen da, eta, hain zuzen ere, konputazio kuantikoaren abantailetako bat problema horiek modu eraginkorragoan ebaztea da, gaur egun garatuta dauden zifratze-algoritmoak kolokan jarriz.
Horrela, ZIURek konputazio kuantikoari lotutako arrisku berriez ohartarazi du bere txostenean, hala nola industria-erakundeen sistemei zerbitzua ukatzea eragiten duten erasoen eraginkortasuna handitzea edo tradizionalki erabili izan diren zifratze-algoritmoen sendotasuna galtzea. Hori dela eta, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak hainbat gomendio eman ditu euskal industriari arrisku horiek behar bezala kudeatzen laguntzeko, zibergaizkileek teknologia berri horiek erabiltzetik babesteko.
Aholku nagusien artean hauek nabarmentzen dira: zifratze-algoritmo eguneratuak eta sendoagoak erabiltzea; indar gordinaren eta zerbitzua ukatzearen bidezko erasoak saihesteko mekanismoak ezartzea; edo konputazio kuantikoaren aurrerapenei buruzko informazio eguneratua izatea.
Teknologia berri horrek aurrera egin ahala, arrisku eta mehatxu berriak sor daitezke. Horregatik, ZIURek gogorarazi du garrantzitsua dela industria-erakundeetako arduradunak konputazio kuantikoaren arloan gertatzen diren aurrerapenez jabetzea, beren sistemak eraso posibleen aurrean babesteko neurriak izan ditzaten. Horretarako funtsezkoa da enpresetako langileak kontzientziatzea eta prestatzea.
Profesional horiek dauden arriskuez jabetu behar dute, eta jardunbide egokiak aplikatu behar dituzte eguneroko jardunean modu seguruan lan egiteko, informazioaren segurtasuna arriskuan jarri gabe, ZIURen txosten berrian adierazten denez.
Informazio gehiago nahi izanez gero, deskargatu txosten osoa hemen.