Atzealdea Industriaren zibersegurtasuna sustatzeko aliatu estrategiko bilakatzea helburu, abian da ZIUR Zentroa
ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak Donostian izango duen egoitza zabaldu dute gaur, helburu argi batekin: ziber-erasoen prebentziorako Gipuzkoako industriaren aliatu “estrategiko” bilakatzea, horrela gure enpresen lehiakortasun segurtatu ahal izateko.
Instalazioak Zuatzuko enpresa parkearen Urola eraikinean kokatuta daude eta, bertan, beti ere bikaintasuna eta ekonomia-ehunarekin kolaborazioa oinarri hartuta, ezagutza aurreratua sortu eta Gipuzkoa zibersegurtasun industrialean Europa mailako erreferentzia bilakatu dadin lan egingo dute.
Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Donostiako alkatea, Eneko Goia, buru izan ditu –haiek dira ZIUR Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkari nagusi– gaur goizean irekiera ekitaldiak, non zentroko zuzendari Carlos Abadek azaldu dituen ZIURek jorratuko dituen lan ildo nagusiak.
Lurraldeko industriaren, ekonomiaren eta ezagutzaren alorreko ehun bat ordezkari bertan zirela, inaugurazioan parte hartu dute, baita ere, Proiektu Estrategikoetako eta Ekonomia Sustapeneko diputatuek, Ainhoa Aizpuru eta Imanol Lasak, hurrenez hurren, eta fabrikazio aurreratuko AFM klusterreko zuzendari Xabier Ortuetak eta Mondragon taldeko Berrikuntza eta Teknologia alorreko arduradun Naiara Goiak.
ZIURek bost laguneko lan taldearekin ekin dio bere ibilbideari. Zuzendari nagusiaz gain, zuzendari tekniko bat, zibersegurtasun analista bat, sistema seguruen garapenerako arkitekto bat eta administrazio alorrean arituko den pertsona batez osatua dago. Gaitasun tekniko anitzak osatze dituzte guztien artean, zibersegurtasun alorrean aritu diren profesionalez gain industrian esperientzia duten teknikariak batu baitzaizkie.