Atzealdea Industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki da
Industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki da
Enpresa bakoitzak gehienez 20,000 euroko laguntza jaso ahalko du, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da
Foru Aldundiak proiektuak aurkezteko bigarren deialdia ireki du Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programaren ildoetako batean; zehazki, industria-produktuen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzera bideratutakoan.
Deialdia industria gailuak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresei zuzendua dago, diseinutik zibersegurtasuna ezar dezaten sustatzeko, eta beren produktuen segurtasuna industria laborategietan probatzeko aukera haien esku jartzeko. Bigarren deialdi honek 98.000 euroko zuzkidura du.
Gipuzkoako enpresek jaso dezakete laguntza, betiere proiektuaren emaitzak zuzenean haien instalazioetan erabiltzen badira. Langileen eta azpikontratazioaren gastuak diruz lagunduko dira, eta ETEei emango zaie lehentasuna. 50 langile baino gutxiagoko enpresek % 50eko laguntza jasoko dute, 50-249 langilekoek % 40koa, eta 249 edo gehiagokoek % 25ekoa. Gehieneko laguntza 20.000 eurokoa izango da, eta eskabideak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.
2018an abian jarritako programaren bosgarren edizioa da, eta oinarrien diseinua elkarlanean prestatu zuten Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritzak eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko talde profesionalak.
ZIUR zentroak protagonismo aktiboa du lagundutako proiektuen hedapenean, horien jarraipena egiten baitu eta enpresek autodiagnostikoa egiteko metodologia eskaintzen baitu. Halaber, oinarrietan baloratu da proiektuen eta ZIUR zentroak bultzatutako ekimenen arteko lankidetza, koordinazio eta lerrokatze maila, horrela, erreferentziazko zentroarekiko sinergiak eta lan partekatua sustatuz.