Atzealdea EMAITZEN KOMUNIKATUA

2020 / 07 / 01

Dagoeneko sei hilabete baino gehiago igaro dira ZIUR Fundazioaren Zuatzuko instalazioak inauguratu genituenetik eta buru-belarri lanean hasi ginenetik gure sortzetiko ildo estrategikoak garatzen: zabalkundea; sentsibilizazioa eta gaikuntza; ikerkuntza; zibersegurtasunaren arloko esperimentazioa eta prebentzioa.

Aldi horretan, Gipuzkoako enpresa-sarearekin abiatutako lankidetza-hitzarmenei esker, hiru ildo nagusiri ekin diegu: 

  • Bideratze-aholkularitza: Gipuzkoako lurralde historikoko 25 erakunde baino gehiagok gugan jarri dute beren konfiantza, beraz, balorazioa ezin positiboagoa da.

  • Sentsibilizazioa eta zabalkundea: 11 ekitalditan parte hartu dugu zibersegurtasunaren arloko aditu gisa, eta horrek, gure helburuetako bat betetzeaz gain, sektoreko hainbat agente garrantzitsu eta enpresarekin harremanetan egoteko eta elkarlanean aritzeko aukera eman digu. Era berean, gure ezagutza zabaldu dugu ekimen propioen bidez. Haietara, Gipuzkoako enpresa asko bertaratu dira.

  • Gaikuntzarako Lantegi Teknikoa: 10 erakundek baino gehiagok parte hartu dute sektoreko adituekiko jardunaldian, gure instalazioetan. ZIURen bulegoak Gipuzkoako industriari zabaltzea mugarri handia izan zen guretzat, hori etorkizun hurbilean eskaini nahi dugun zerbitzuaren hasiera baino ez bada ere.

Hurrengo hilabeteetan, zeinetan normaltasun “berrira” egokitu beharko dugun, abiatutako hiru lan-ildo horietan sakontzen jarraitzeaz gain, Segurtasunaren Autodiagnostikorako Tresna eskainiko diegu hura erabili nahi duten enpresa guztiei. Tresna LEET Securityrekin batera garatu dugu, eta dagoeneko AFM eta zenbait enpresa kolaboratzaile probatzen ari dira. Gainera, Laborategia eraiki eta abian jarriko dugu, nahi duten enpresak gure instalazioetara etor daitezen eta datorren urtean zehar bertan lan egin ahal izan dezaten. Azkenik, une honetan gure Behatokian burutzen ari garen proiektuetan lortutako emaitzak oinarri hartuta, zibersegurtasunari buruzko lehen gidak prestatuko ditugu arloko zenbait aditurekin batera.

Hau da gure bide-orria eta, azken hilabeteotan egindako bidearen esperientzia dela-eta, badakigu zuen babesa izango dugula elkarrekin aurrera egiteko. Zuen konfiantza jaso dugu, hala transmititu diguzue, eta hari eutsi nahi diogu, helburu berbera baitugu: zuen enpresak eta ezagutzak babestu, eta, modu horretan, Gipuzkoako enpresa-sarea zaindu eta are seguruago bihurtu.