Atzealdea ZIURek finkatu egin du enpresek zibersegurtasunari buruzko esperientziak partekatzeko sortutako espazioa
ZIURek finkatu egin du enpresek zibersegurtasunari buruzko esperientziak partekatzeko sortutako espazioa
30 enpresa bildu dira, iaz halako bi, ziberkrisi baten aurrean informazioa partekatzeko Gipuzkoako industriarentzat funtsezkoa den topaketan.
Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, lurraldeko enpresa industrialek zibersegurtasunaren inguruko esperientziak parteka ditzaten duela urtebete sortutako espazioa finkatu du. ZIURek bultzatutako lankidetza-taldeak, informazio erabilgarria partekatzeko eta azken urtean ugaritu egin diren eraso informatikoen aurrean laguntzeko konfiantzazko sarea eratu duten 43 CIO (sistemen arduradunak) ditu gaur egun.
ZIUR, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako erreferentziazko zentroetako batek, zibersegurtasun industrialerako funtsezko topaketa egin du astearte honetan, eta Gipuzkoako 30 enpresatako 35 CIO eta CISO (zibersegurtasun arduradunak) bertaratu dira. "ZIUR espazio fisiko eta azpiegitura teknologiko lagungarria baino askoz gehiago da. Gipuzkoan finkatzen ari garen elkarlaneko gobernantza-ereduari jarraituz, lankidetza eta esperimentazioa sustatzeko estrategia da. Enpresen eta eragileen arteko harremanetarako eta sareko lanerako espazio berriak sortzeko. Konfiantzazko espazioak, `informalak`, baina balio handia dutenak, kasu honetan enpresetako informazioaren eta zibersegurtasunaren egunerokotasuna kudeatzen dutenei zalantzak, kezkak, prozedurak, kasu arrakastatsuak edo ideia berriak partekatzeko aukera ematen baitiete. Horrelako ekimenek lurralde eta industria gisa indartu egiten gaituzte”, azaldu du Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Lankidetza-sare hori babes osagarria da zibererasoen aurrean, industriako zibersegurtasuna kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen artean informazioa eta esperientziak partekatzeko aukera ematen baitu. Horrela, topaketan zehar, ZIURek zibergertakari baten aurrean eman beharreko erantzunarekin erlazionatutako esperientziak partekatu ditu CIOekin, helburu bikoitzarekin: eraso horiek prebenitzea eta ziberkrisi bat kudeatzeko gai izatea. CIOek beraiek azaldu dituzte, halaber, azken urtean izan dituzten egoerak eta horiek nola bideratu dituzten.
Era berean, Mytrako Igor Navascuesek parte hartu du topaketa honetan, eta hainbat industria-sektoretako 18 enpresaren ICS (Kontrol Industrialeko Sistema, ingelesezko sigletan) inguruneen segurtasuna ebaluatzean datzan proiektu baten ondorioak zehaztu ditu. Horrelako ekimenek oso informazio baliotsua biltzen dute erakundeetan gehien erabiltzen diren gailuei, horien zaurgarritasunari eta ezarritako segurtasun-neurriei buruz, besteak beste.
Ondoren, TÜV Nord taldeko TÜViT-eko Amor Domínguezek Europa mailan gauzatzen ari diren eta industrian aplikatuko diren zibersegurtasun araudien panorama aurkeztu du. Zehazki, datozen hilabeteetan aldaketa garrantzitsuak gertatuko dira hainbat arautegitan (NIs2, CRA, IEC 62443), eta, beraz, ZIURek egoera berri honen aurrean prest egoten lagundu nahi die Gipuzkoako enpresei.
ZIURi buruz
ZIUR zibersegurtasun industrialarekiko kezkan oinarrituta ari da lanean, industria arloko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko eta, aldi berean, Gipuzkoan sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko. 2019an abian jarri zenetik, ZIUR 800 industria-enpresa, elkarte, zibersegurtasunaren arloko eragile, erakunde publiko eta ikastetxe ingururekin aritu da lankidetzan, eta Gipuzkoako industriarentzat konfiantzazko aliatu gisa finkatu da zibersegurtasunaren arloan.