Atzealdea Axular Lizeoko ikasleek zibersegurtasunari buruzko sentsibilizazio klase bat jaso dute ZIURren
Axular Lizeoko ikasleek zibersegurtasunari buruzko sentsibilizazio klase bat jaso dute ZIURren
Axular Lizeoko DBHko 2. eta 4. mailako ikasleek zibersegurtasunari buruzko sentsibilizazio klase bat jaso zuten ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroan. Ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten zibersegurtasunaren garrantzia beren eguneroko bizitzan, baita sare sozialen erabilera arduratsua zein den ere, besteak beste.
Zehazki, martxoaren 15ean, Donostiako ikastola horretako DBHko 4. mailako ikasleak ZIURera hurbildu ziren, Interneteko arriskuei edo Sarean pribatutasunak duen garrantziari buruzko klase bat jasotzera. Gainera, ZIUReko langileek sektore horretan dauden irteera profesionalen berri ere eman zieten, gaur egun zibersegurtasuna baita enplegu gehien eskatzen duen alorretako bat.
Hurrengo egunean, DBHko 2. mailako gazteak joan ziren zentrora eta behatokia bisitatu zuten. Bertatik, industria-zibersegurtasunaren arloan dauden mehatxuak identifikatzen dira, eta lurraldeko enpresei balizko eraso horiek kudeatzen laguntzen zaie. Ikasle horiekin, sare sozialetan aurki ditzaketen arriskuetan zentratu zen hitzaldia, eta egunero erabiltzen duten aplikazio baten hackeatzearen simulazioa ere egin zen.
Axular Lizeoak eskerrak eman zizkion ZIURi ikasleentzat “hain interesgarria den” jarduera hori antolatzeagatik.