Atzealdea Aspegik eta ZIURek zibersegurtasuna hurbildu diete Gipuzkoako emakume enpresaburuei

2022 / 04 / 22
Aspegik eta ZIURek zibersegurtasuna hurbildu diete Gipuzkoako emakume enpresaburuei

Aspegik eta ZIURek zibersegurtasuna hurbildu diete Gipuzkoako emakume enpresaburuei

ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak eta ZIUR Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sustatutako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, lankidetza-etapa ireki dute Aspegiko bazkideei beren enpresak zibererasoen aurrean babesten laguntzeko.

Zibersegurtasuna beharra bihurtu da era guztietako jardueretarako. ZIURetik Gipuzkoako industriari arlo horretan kontrol-neurri handiagoak hartzen laguntzeko egiten da lan, zibersegurtasunaren sektorea bera dinamizatzeko eta, azken batean, enpresen lehiakortasunean laguntzeko.

Horretarako, ZIURek zibersegurtasun arloko soluzio espezializatuak eta ezagutza berria garatzeko lan egiten duten enpresek, unibertsitateek eta prestakuntza- eta teknologia-zentroek osatutako ekosisteman gauzatzen du bere jarduera.

ASPEGIk hainbat proiektu gauzatzen ditu gizonen eta emakumeen artean ekonomia-, gizarte- eta lan-arloan aukera- eta eskubide-berdintasuna lortzen laguntzeko. Ikuspegi horretatik, genero-ikuspegia duten aurtengo topaketek eraldaketa digitala izango dute ardatz. Testuinguru horretan, zibersegurtasuna alderdi erabakigarria da, eta ZIURen laguntzarekin hainbat angelutatik landuko da.

Koldo Peciña Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroko zuzendariaren ustez, lankidetza horri esker, “norabide bikoitzean egingo dugu aurrera: alde batetik, ASPEGIko kideen artean zibersegurtasun-neurriak hartzea indartuko da, eta, bestetik, emakumeek zibersegurtasunaren sektorean dituzten aukera profesionalak bultzatuko dira”. Bestalde, Nerea Ibañez ASPEGIko presidentearen iritziz, “Gipuzkoako emakume profesional eta enpresariok badakigu zibersegurtasunak garrantzi handia duela gure jardueretan, aukera-berdintasunean eta lehiakortasunean aurrera egiteko. ZIURekin dugun aliantza horrek, zalantzarik gabe, hori lortzeko beharrezkoak diren tresnak emango dizkigu”.