Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiak 360.000 euro baino gehiagoko laguntzak jarri ditu abian enpresen zibersegurtasunerako
Gipuzkoako Foru Aldundiak 360.000 euro baino gehiagoko laguntzak jarri ditu abian enpresen zibersegurtasunerako
Gipuzkoako Foru Aldundiak 360.000 eurotik gorako zuzkidura duen laguntza-programa abiarazi du Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko. Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Sailak sustatutako dirulaguntza horiek bi lerro aurreikusten dituzte: zibersegurtasuna lurraldeko erakundeetan eta produktu industrial zibersegurua. Interesa duten enpresa txiki eta ertainek bi lerroetarako laguntzak eska ditzakete, bateragarriak baitira, baina eskaera desberdinak egin beharko dituzte. Era berean, aurtengo berritasun gisa, enpresa bakoitzaren gutxieneko muga 300.000 eurora igo da.
Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 15ean amaituko da ‘Zibersegurtasuna Gipuzkoako enpresetan’ lerroko proiektutarako. ‘Produktu Industrial Zibersegurua’ lerroko proiektuen kasuan, apirilaren 24an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero eskaerak 40 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira.
Gipuzkoa Digitala izenekoaren barruan dagoen laguntza-programaren diseinua ZIUReko, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko, profesionalekin kontrastatu da. Horrela, bi lerro dituen deialdia proposatu da, eta 2026tik aurrera Europar Batasunak eskatuko dituen ziurtagiriak lortzeko laguntza gehitu da.
‘Zibersegurtasuna Gipuzkoako enpresetan’ laguntza-lerroak 275.601 euroko zuzkidura du. Laguntza horien helburua da zibersegurtasunari dagokionez hardwarearen/softwarearen egoeraren eta enpresak alor horretan duen antolamendu-egoeraren diagnostiko-lanak egiteko aholkularitza espezializatua kontratatzearen ondoriozko gastuak diruz laguntzea; zibersegurtasun plan bat idaztea; eta plan hori hedatzen eta gauzatzen laguntzea. Azken atal horretan diruz laguntzeko modukotzat joko dira sareak segmentatzeko, ahultasunak detektatzeko eta kudeatzeko, industria-sare bateko aktiboen inbentarioa egiteko, langileak sentsibilizatzeko eta prestatzeko, eta aplikatzekoa den segurtasun-araudira edo -estandarrera egokitzeko proiektuak. Gainera, herrialdeko eta xede sektoreko (nazionala zein atzerrikoa) zibersegurtasun arloko araudiari edo gomendioei egokitzeko lanak egiteko aholkularitza espezializatuaren gastuak ere diruz lagundu ahal izango dira.
Erakunde bakoitzak gehienez bi ekimen aurkeztu ahal izango ditu, eta enpresa bakoitzak jasoko duen gehieneko dirulaguntza 15.000 eurokoa izango da. 50 langile baino gutxiagoko enpresetan, proiektuek % 60ko dirulaguntza jasoko dute, eta 50 eta 249 bitarteko erakundeetakoek, berriz, % 50ekoa. Gainera, % 15eko dirulaguntza gehigarria emango zaie ZIURek sustatutako metodologiari buruzko autodiagnostiko-azterketa egin duten proiektuei. Autodiagnostikoa https://diagnostikoa.ziur.eus webgunean dago eskuragarri.
‘Produktu Industrial Zibersegurua’ laguntza-lerroari dagokionez, 87.537 eurorainokoa da. Dirulaguntza horiek gailu industrialak garatzen edo/eta diseinatzen dituzten enpresei zuzenduta daude, diseinutik abiatuta zibersegurtasuna abian jar dezaten sustatzeko eta beren produktuen segurtasuna laborategi industrialetan probatzeko/testatzeko aukera beren eskura jartzeko. Produktu propioa duten eta beren jarduera Gipuzkoan egiten duten enpresak izan daitezke onuradun, betiere lagundu beharreko proiektuaren emaitzak instalazio horietan zuzenean aplikatzekoak badira.
Erakunde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du, eta ekimenek ZIUR Fundazioaren laborategietan testatu beharreko produktuaren diagnostikoa egiteko konpromisoa izan beharko dute. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak produktu industrialen probak egitea izango dira, zibersegurtasunaren ikuspegitik haien fidagarritasuna bermatzeko. Lanak zibersegurtasunaren arloan aditua den enpresatik kanpoko eragileren baten esku-hartzearekin egin beharko dira.
50 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan proiektuek % 50eko dirulaguntza jasoko dute; 50 eta 249 langile bitarteko erakundeen kasuan % 40koa; eta 249 langile baino gehiagokoen kasuan % 25ekoa. Gainera, laguntzak % 15 igo ahal izango dira, baldin eta diruz lagundutako proiektua garatzen den bitartean enpresak ZIURekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen badu. Proiektu eta urte bakoitzeko gehieneko laguntza 20.000 eurokoa izango da.
Gipuzkoa Digitalaren laguntza-programa honen oinarriak hemen kontsulta daitezke: BOG nº 79, 24 de abril de 2024.