Atzealdea 2023an Gipuzkoako industrian eragin handiena izango duten zibersegurtasun joerak identifikatu ditu ZIURek

2022 / 12 / 27
ZIURek, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, 2023an Gipuzkoako enpresen zibersegurtasuna indartzeko orduan kontuan hartu beharreko lau joera nagusi identifikatu ditu. Industria-inguruneko eraldaketa digitalaren prozesuak izan duen bilakaerak, askotan sistema tradizionalekin batera erabiltzen diren teknologia berriak sartu direla erakusten du.

2023an Gipuzkoako industrian eragin handiena izango duten zibersegurtasun joerak identifikatu ditu ZIURek

Konektibitatea handitzeak babes-neurri orokorren eraginkortasuna mugatzen du

ZIURek, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, 2023an Gipuzkoako enpresen zibersegurtasuna indartzeko orduan kontuan hartu beharreko lau joera nagusi identifikatu ditu. Industria-inguruneko eraldaketa digitalaren prozesuak izan duen bilakaerak, askotan sistema tradizionalekin batera erabiltzen diren teknologia berriak sartu direla erakusten du. Konektibitatea handitzeak zibererasoak izateko arrisku handiagoa dakar, eta babes-neurri orokorren eraginkortasuna mugatzen du. Horregatik, 2023ko joerei buruz egindako txostenak industriaren eremuan eragin berezia izango duten lau joeratan arreta jartzea gomendatzen du ZIURek.

Konektatutako gero eta gailu kopuru gehiago egotea, zibersegurtasuna telelanean, adimen artifizialaren garapena eta zibersegurtasunaren kulturaren sustapena dira ZIURen iritziz zibererasoen aurkako babesean kontuan izan beharreko esparruak.

Erakundeen sistemek industria-erakundeetan dauden informazio-iturri edo gailuekin duten konexioa eta integrazioa areagotzeak, eta industria-sektoreko erakundeen barruan komunikazio-teknologia berriak erabiltzen hasteak, zibergaizkileek erabil ditzaketen eraso-bektore berriak agertzea ekarri du. Horrela, Koldo Peciña ZIUReko zuzendari nagusiak ziurtatu duenez, “zibererasoak gero eta ohikoagoak eta zuzenagoak dira, batez ere industria sektorearen barruan, sektore horretako eragiketa asko kritikoak direlako”.

Datorren urtean hainbat ekimen jarriko dira indarrean konektatutako sistemetan eta cloud inguruneetan segurtasuna handitzeko helburuarekin, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei gailu bakoitzak dakartzan mehatxuen berri emanez.

Telelanaren esparruan, industriaren sektorean beharrezkoa izango da zibersegurtasun neurri berriak sartzea, eta jarduera profesionala garatzeko modu horrekin erlazionatutako arriskuak identifikatzeko eta arintzeko prozesuan sakontzen jarraitu beharko da, izan ere, industriaren sare informatikoaren ahultasunean eragina izan baitezake.

Erasoen gero eta sofistikazio handiagoak eta erabilitako metodoek, intrusio-saiakerak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko Adimen Artifizialeko mekanismoak gero eta gehiago erabiliko direla erakusten dute.

Azkenik, enpresen plantilletan kontzientziazio kanpainak etengabe hedatzea zibersegurtasunerako oinarrizko mekanismoa da, izan ere, sistemen erabilerarekin erlazionatutako arriskuak ezagutzeko, eta, batez ere, zibereraso bat jasoz gero nola jokatu jakiteko aukera ematen du.

Gipuzkoako industriari joera horiei aurre egiten laguntzeko, ZIURek lehentasunezko hiru ekintza-ildo zehaztu ditu: enpresen hornidura-katean segurtasuna indartzea, zibersegurtasun arloko gertakariak kudeatzeko prestakuntza bultzatzea eta gero eta profesional gehiago behar dituen sektorean talentu espezializatua sortzen laguntzea.

2022ko balantzea

2022an zehar, ZIURek enpresekin, elkarteekin, ikastetxeekin eta zibersegurtasunarekin lotura duten hainbat eragilerekin duen lankidetza zabaldu du. Testuinguru horretan daude Aspegi (Gipuzkoako Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea), Adegi eta Women4Cyber -ekin bultzatutako ekintza-ildo berriak, edo zibersegurtasunerako ZIUR Gelaren sorkuntza, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearekin lankidetzan, mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko harremana areagotzeko eta irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen gaitasunen garapena hobetzeko.

200 enpresa baino gehiagok hartu dute parte prestakuntza eta sentsibilizazio tailerretan eta saioetan. Era berean, 4 proiektu berri bultzatu dira enpresekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan.

10 enpresa baino gehiagok erabili dute ZIURen zibersegurtasun laborategia, ingurune seguruan zibersegurtasun soluzioen hainbat erakustaldi eta saiakuntza egiteko. Duela gutxi, laborategi horrek eskaintzen dituen zerbitzuak zabaldu ditu, robot industrialentzako soluzio bat ezarriz.

Era berean, nabarmentzekoa da, testuingurua etengabe aztertzeko eta enpresei mehatxuei, teknologiei, araudi berriei eta joerei lotutako arriskuak kudeatzen laguntzeko “Zibersegurtasun industrialaren behatokia” sortu dela.

Testuinguru horretan, merkatuak zibersegurtasunaren arloan dituen eskakizunak areagotu egin direla egiaztatu da, enpresa-esparruko eraso-azalera handitu egin delako. Aldi berean, Gipuzkoako industria sektorearen heldutasun handiagoa erregistratu da zibersegurtasunaren arloan, defentsa mekanismo berriak sartu direlako eta plantillen artean kontzientziazio maila handitu delako. Hala ere, Koldo Peciñak adierazi duenez, “ezinbestekoa da enpresek ildo horretan aurrera egiten jarraitzea, datozen urteetan sortuko diren mehatxu eta araudi berriei aurre egiteko”.

Iaz ere, ZIURek, lurraldeko enpresek zibersegurtasunaren arloan dituzten esperientziak partekatzeko aukera izateko gune berria sortzea bultzatu zuen, gaur egun 24 enpresa biltzen dituen lankidetza-sarea sortuz.