Retour ZIURek zibersegurtasun neurriak hartzea aholkatu du sustorik gabeko Black Friday-a izateko

2022 / 11 / 17
Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, ZIURek, Black Friday-ren eta Gabonetako erosketen ondorioz Internet bitartez egiten den merkataritza-jardueraren gorakadan kontuan hartzeko zenbait gomendio eman ditu. Black Friday azaroaren 25a bada ere, denda asko online salmenta kanpaina aurreratzen ari dira.

ZIURek zibersegurtasun neurriak hartzea aholkatu du sustorik gabeko Black Friday-a izateko

Internet bitartez egiten diren erosketen gorakadak arrisku-maila handitu du

Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, ZIURek, ‘Black Friday’-ren eta Gabonetako erosketen ondorioz Internet bitartez egiten den merkataritza-jardueraren gorakadan kontuan hartzeko zenbait gomendio eman ditu. ‘Black Friday’ azaroaren 25a bada ere, denda asko online salmenta kanpaina aurreratzen ari dira.

ZIURek ohartarazi duenez, Sarearen bitartez egiten diren delituzko jarduerak ugaritu egiten dira merkataritza-jarduera handiko garai hauetan. María Penilla ZIUReko zuzendari teknikoak ziurtatu duenez, “merkataritza digitaleko plataformek ez ezik, kontsumismo eta Internet bitartez egiten diren merkataritza-jarduera handiagoko asteen aurretik, hackerrek ere beren estrategiak prestatzen dituzte”.

Horrela, ZIURek horrelako egunetan arreta areagotzea gomendatzen du, izan ere, eskaintza ugari daude eta plataforma askok salmenta-prozesua bizkortzen saiatzeko aprobetxatzen dute prezio murriztuan dauden unitateen ustezko “eskasia”. María Penillak gogorarazi duenez, “eskaintzarik onena harrapatzeko erosketa azkarrak egitearen erabakiak arrisku erantsia izaten du”.

Horregatik, ZIURek zenbait gomendio kontuan izatea gomendatzen du, zibermehatxuen aurrean segurtasuna areagotzeko, bai gailu partikularretan, bai jarduera profesionaleko ekipoetan.

Lehenik eta behin, erosketa bat egin nahi den webgunearen zenbait xehetasuni erreparatzea komeni da. Lehenengo seinalea webgunearen helbidea ‘https’ izatea eta aurrean agertzen den giltzarrapoa itxita egotea da. Horrelako guneek webgune hori datuak zifratzen ari delaren ziurtasuna ematen digute, eta horrek areagotu egiten du erosleen ordainketa-datuen babesa. Aldiz, url-a ‘http’(s-rik gabe) hasten den webgune batera sartzen bagara, nabigatzaileak berak alerta-mezu bat emango digu, helbidea segurua ez dela adieraziz. Webgune horietan erosketarik inoiz ez egitea gomendatzen da, datuak zifratu gabe daudelako eta, gaur egun, ‘https’ erabiltzen ez duen webgune bat oso susmagarria delako.

Cookieak ere beste babes-faktore bat dira. Webgune guztiek cookieak kudeatzeko, eta, horrela, enpresa horrek bere datu pertsonalekin zer egiten duen erabakitzeko aukera eskaini behar diete horietara sartzen diren pertsonei. Ziurrenik deserosoa izango da, baina komenigarria da cookie horiek beti berrikustea eta webguneak funtziona dezan funtzionalak direnak bakarrik baimentzea, eta gainerakoak baztertzea.


Nabigatzaileak modu “ezkutuan edo pribatuan” erabiliz gero, webguneek bisitariei buruzko ahalik eta informazio gutxien izango dute. Horregatik, askotan, produktu edo zerbitzu baten prezioak gora egiten du produktu bera webgune berean berriro kontsultatzen denean. "Kasu batzuetan, Amazonen kasuan, adibidez, algoritmo propio batek markatzen du prezioa”, azaltzen du Penillak, “baina beste askotan aurreko eguneko bilaketa erregistratuta geratzen da, cookie guztiak onartzen baditugu edo nabigatzaileak modu anonimoan erabiltzen ez baditugu, eta prezioa igotzen digute; erosteko erabakia azkar hartzera animatzeko estrategia da”.

Zaindu beharreko beste alderdi  bat webgune batean onartzen diren ordaintzeko moduak dira, eta zilegitasunari buruzko informazio asko ematen dute. Atal honetan, Paypal aukera ona da webguneetan ordaintzeko, izan ere, hainbat abantaila ditu, gastua kontrolatzeko kargatzeko aukera erabiltzea eta segurtasuneko gorabehera baten aurrean kalte ekonomikoa mugatzea, besteak beste. Gainera, ordainketa-plataforma horrek bermea, erantzukizun-zerbitzuak eta gorabeheren aurreko laguntza eskaintzen ditu. Beste jardunbide on bat, online ordainketetarako soilik erabiltzen den kreditu-txartel kargagarri bat izatea da, gastu-mugarekin eta aktibatutako alertekin.

Sistema eragileak eta antibirusak eguneratuta izatea funtsezko segurtasun-neurria da, bai ordenagailuetan, bai gailu mugikorretan. Edonola ere, ahal den guztietan, erosketak ordenagailu batetik egitea gomendatzen du ZIURek; izan ere, pantaila handiagoa duenez, lehen adierazitako segurtasun-egiaztapenak egitea errazagoa da, baita haren gainean klik egiten denean esteka batek nora daraman jakitea ere.

Azkenik, ZIURek pagotxen aurrean arreta berezia jartzea gomendatzen du. Webgune batek deskontu handia duen produktu bat eskaintzen badu, ondo ziurtatu behar da eragiketa egin aurretik, iruzurrezko guneetara sartzea saihesteko.