Retour ZIURek Urrezko BIKAIN ziurtagiria jaso du
ZIURek Urrezko BIKAIN ziurtagiria jaso du
BIKAIN da Eusko Jaurlaritzaren zigilu ofiziala euskararen normalizazio-maila egiaztatzeko
Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR Zentroak Urrezko BIKAIN ziurtagiria jaso du. Eusko Jaurlaritzak ematen duen zigilu ofizial hori erakunde batek euskararen presentziari, erabilerari eta kudeaketari dagokionez erakusten duen normalizazio-maila egiaztatzen du.
Zigilu garrantzitsu hori lortzeko, Euskararen Hizkuntza Normalkuntzarako Plana garatu eta ezarri zuen ZIURek, eta, ondoren, arrakastaz gainditu zuen auditoretza egin zitzaion. Ziurtagiri horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako zentroak egiten dituen jarduera profesional guztietan euskara erabiltzen duela erakusten du, bere irudi korporatibotik hasi eta bezeroekin, gizartearekin eta kanpoko edozein eragilerekin dituen harremanetaraino, komunikazioarekin eta pertsonen kudeaketarekin zerikusia duten esparru guztietan. Eusko Jaurlaritzak ematen duen aitorpenaren entrega-ekitaldia urte amaieran izango da.
“ZIURetik euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatu nahi ditugu gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den zibersegurtasunaren eremuan”, ziurtatu du Koldo Peciña zentroko zuzendariak. Izan ere, hori dela eta duela gutxi Euskaltzaindiak 27 kontzeptu biltzen dituen zibersegurtasunaren oinarrizko lexikoa argitaratzeko beharra ikusi zuen, esparru horrekin erlazionatutako euskarazko terminoak ezartzen laguntzeko.