Retour ZIURek eta Goierri Valley-k zibersegurtasuna hurbildu diete eskualdeko enpresei
ZIURek eta Goierri Valley-k zibersegurtasuna hurbildu diete eskualdeko enpresei
Gipuzkoako lehiakortasunerako giltzarri den arlo horretan erakundeak prestatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.
ZIURek eta elkarren bermerako Goierri Valley sozietateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Ordizian, zibersegurtasuna Gipuzkoako eskualde horretako enpresei hurbiltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Etorkizuna Eraikiz' ekimenaren barruan sortutako Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak prestakuntza-ekintzak egin eta elkarte horretako kide diren erakundeak alor horren garrantziaz sentsibilizatuko ditu.
Ildo horretan, akordioak tailerrak, proiektu pilotuak eta workshop-ak egitea aurreikusten du, ondoren beste enpresa industrial batzuetara zabaldu daitezkeen teknologiak, metodologiak eta tresnak balioztatzeko. Era berean, ZIURek zibersegurtasun arloko ekimen, eskaintza teknologiko, araudi eta legeria berriei buruzko informazio guztia eskainiko die Goierri Valley-ko kide diren enpresei.
Lehen prestakuntza-jardunaldia gaur bertan egin da, 11:00etatik 13:00etara, Goierriko Berrikuntza Guneko NBF eraikinean. Maria Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak eta Iñaki Torrecilla Fundazioko ICS segurtasun arkitektoak, Goierriko enpresak zibermehatxuen aurka prestatuta egon daitezen zibersegurtasun industrialeko segurtasun protokolo bat zehaztu dute.
Horrela, ZIURek bere helburua zabaltzen jarraituko du: zibersegurtasun industrialaren arloan lurraldeak dituen gaitasunak indartzea, sektore teknologikoaren garapena bultzatzea eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzea.