Retour ''Interneteko segurtasuna eboluzionatzen ari da, baina arriskuak ere bai''

2022 / 02 / 08

"Interneteko segurtasuna eboluzionatzen ari da, baina arriskuak ere bai"

Ziur Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa Onda Ceron eta RTVEn egon da, “Internet Seguruaren Egunean” erasoak saihesteko eta mehatxu informatikoak kudeatzeko gakoak emateko.

Koldo Peciña, Ziurreko zuzendari nagusia, Onda Ceron eta RTVEn egon zen otsailaren 8an egin zen “Internet Seguruaren Egunean” zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeak duen garrantziaz hitz egiteko. Ziurretik sentsibilizazio-lan hori egiten da lurraldeko industria-enpresetan, eta ikastoletan eta institutuetan ere egin nahi da lan, arlo horretan aurrera egiteko.

“Orain ez gaude seguruago, kontrakoa agian, segurtasunak Interneten eboluzionatu egin duelako, baina arriskuak eta eraso tipologiak ere bai”, ziurtatu zuen Peciñak Onda Cero irratiko ‘Más de Uno Gipuzkoa’ programan.

Era berean, RTVEko talde bat Zuatzuko (Donostia) Ziurren egoitzara joan zen zentroko Behatokia ezagutzera. Bertatik, denbora errealean, balizko eraso informatikoen munduko trafikoa identifikatzen da. Kasu horretan, Peciñak azaldu zuenez, nortasuna ordeztea eta informazioa bahitzea dira Gipuzkoako industria-enpresek aurre egin beharreko mehatxu nagusiak.

Ziurren ustez, zibersegurtasunaren garrantziaz prestatzea eta kontzientziatzea funtsezko tresna da. Zentroak bere laborategia ere erakutsi zuen RTVEn. Laborategian planta industrial baten maketa bat dago, zirkulatzen ari diren birusak simulatzeko, eta, horrela, eraso informatiko baten ondorioz ekoizpena gelditzeak izan ditzakeen ondorioak erakusten zaizkie erakundeei. “Merkatuan dagoen teknologiarekin erasoak antzemateko eta garaiz gelditzeko gai izan daitezkeela erakusten diegu”, azaldu zuen elkarrizketa horretan Maria Penilla Ziurreko zuzendari teknikoak.