Retour Enpresek zibersegurtasunaren inguruko esperientziak parteka ditzaten gune berria bultzatu du ZIURrek
Enpresek zibersegurtasunaren inguruko esperientziak parteka ditzaten gune berria bultzatu du ZIURrek
- Gipuzkoako 15 enpresatako sistema- eta zibersegurtasun-arduradunek hartu zuten parte lehen topaketan
- Ekimena industria arloko enpresei irekita dago
ZIURrek proposamen honekin lortu nahi duen helburua enpresetako informatika-sistemen arduradunen artean lankidetza-sare bat sortzea da, zibersegurtasunari buruzko informazio erabilgarria partekatzeko. Azken bi urteotan ugaritu egin dira enpresen aurkako erasoak. Hori dela eta, horrelako gune partekatu bat sortzeak, mehatxuen aurrean zuzenean komunikatzeko aukera emango die enpresei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortutako erreferentziazko zentroetako bat da ZIUR Fundazioa, lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko, sektore pribatuarekin, enpresekin, unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan. Hain zuzen ere, lankidetza da, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak inauguratutako topaketaren bitartez Otsailean aurkeztu zen ekimenaren gakoa.
Larrañagak, bere mintzaldian, azaldu zuen zibersegurtasun arloan Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna indartzea dela zentroaren helburu nagusietako bat. “Horretarako euskarri teknikoa duela urtebete zabaldu genuen laborategia da, produktuak testatzeko, esperimentuak egiteko eta enpresei zerbitzua eskaintzeko aukera ematen duena. Baina ZIUR ez da hori bakarrik. Gaitze teknikoaz harago doa, eta Etorkizuna Eraikizen printzipioei jarraiki, elkarlana sustatzea du xede, konexio berriak lortzea enpresa eta eragileen artean”, azaldu zuen. Beraz, CIO topaketaren helburua Gipuzkoako enpresa industrialen arteko sare bat sortzea dela gaineratu du, informazioa partekatzeko eta zibersegurtasunaren arloan lankidetzan aritzeko. “Honekin bilatzen duguna da konfiantzazko eremu bat sortzea enpresa ezberdinen arteko lankidetza sortarazteko”, zehaztu zuen.
Koldo Peciña ZIURreko zuzendariak eskerrak eman zizkien enpresei lankidetza-sare horretan parte hartzeagatik. Bere ustez, “zibererasoen aurkako babes osagarria izango da, informazioa eta esperientziak partekatzea ahalbidetuko baitu industrian zibersegurtasuna kudeatzeaz arduratzen diren pertsonen artean”. Nabarmendu zuenez, “sare horrek funtzionatzeko gakoak parte-hartzaileen arteko konfiantza eta lankidetza izango dira”.
ZIURren zeregina CIOek (sistemen arduradunek) eta CISOek (zibersegurtasunaren arduradunek) osatutako talde honen dinamizatzaile izatea izango da. Guztira 15 industria-enpresak hartu zuten parte ekimena abian jartzen. Jardunaldian, halaber, aholkularitza-enpresa estrategiko batek parte hartu zuen, eta enpresaren zuzendaritzari zibersegurtasunarekin erlazionatutako hainbat alderdi jakinaraztean izandako esperientzia zehaztu zuen. Horrez gain, gerta daitezkeen gorabeherei erantzuteko moduari buruz ere aritu zen.