Retour Urola Garaiko ETEei zuzendutako zibersegurtasuneko prestakuntza
Urola Garaiko ETEei zuzendutako zibersegurtasuneko prestakuntza
ZIURek, UGGASA Urola Garaiko garapen agentziarekin batera, ‘Enpresa txiki eta ertainentzako zibersegurtasuneko jardunbide egokien dekalogoa’ saioa egin zuen Urretxuko Sortzen espazioan apirilaren 17an. Eskualdeko hamar bat profesionalek parte hartu zuten tailerrean, eta bertan beraien enpresen aktibo digitalak babesteko aholku praktikoak jaso zituzten.
Mehatxu digitalak etengabe aldatzen ari dira, eta enpresek prest egon behar dute beraien datuak, sistemak eta ospea babesteko. Horregatik, komenigarria da enpresak eta haien talde profesionalak kontzientziatzea beraien lan-inguruneetan zibersegurtasuneko jardunbide egokiak gauzatzearen garrantziaz, bai eta mehatxu ohikoenak identifikatzea ere.
Ildo horretan, Iñaki Torrecillak, ZIUReko ICS segurtasuneko arkitektoak eta Iker Izaguirrek, ZIUReko zibersegurtasuneko teknikariak, bertaratu zirenei estrategia eraginkorrak eskaini zizkieten erakundeen zibersegurtasuna hobetzeko asmoarekin. Besteak beste, pasahitzen kudeaketa hobetzeko eta zibererasoen prebentzio egokia errazteko aholkuak.
Era berean, honako alderdi hauek jorratu zituzten, besteak beste: back-up eta firewall sistemak izateko beharra, telelanean urruneko konexio segurua bermatzeko kontuan hartu beharreko neurriak, IT eta OT sareak segmentatzearen garrantzia, pasahitzen kudeaketa eraginkorra nola egin eta gailuen erabilera arduratsua nola egin, phishing-a saihesteko neurriak eta hornitzaileen urruneko sarbidea behar bezala nola kudeatu.
Hau izan zen Urola Garaiko enpresei ezagutza praktikoak eta euren datuak seguru mantentzeko funtsezko tresnak emateko diseinatutako hiru saioetako lehena. Hurrengo saioak, maiatzaren 22an, horrelako erakundeetan ohikoena den erasoa jorratuko du 'Nola egin aurre phishing-ari nire enpresan' izenburupean. Hirugarrena eta azkena, ekainaren 19an, 'Ziber-intzidenteen aurrean erantzuteko gomendioak' izango du hizketagai.