Retour Industria-enpresek dituzten mehatxuen inguruan ZIURen txosten berria
Industria-enpresek dituzten mehatxuen inguruan ZIURen txosten berria
ZIURek, hiru hilean behin argitaratzen duen txostena kaleratu du, kasu honetan Gipuzkoako industria-sektoreak jasandako mehatxuen inguruan. Txosten honen helburua, arintze edo euste-lanak egin behar izanez gero, sektoreko erakundeei prebentzio-neurri egokiak hartzen laguntzea edo jarduera-protokolo egokiak lantzea da.
Digitalizazioaren eta konektibitatearen abantailak izugarriak dira, baina, aldi berean, enpresek zibererasoen aurrean duten azalera areagotu da eta, beraz, industria-azpiegitura babestea funtsezkoa da. Zibereraso baten ondorioak honako hauek izan daitezke: erreskatea eskatzeko datuak bahitzea, IPRa (jabetza intelektuala) lapurtzea, edo makinak geldiaraztea edo gaizki funtzionatzea. Azken kasu horretan, makinan aurrez finkatutako balioak (setpointak) aldatzea, fabrikatutako produktua aurreikusitako kalitatearekin ez ekoiztea eragin dezake, edo, datuak manipulatzearen ondorioz, okerreko erabakiak hartzea. Ondorioak ekonomikoak izan daitezke, baina, era berean, enpresaren irudi txarra emateaz gain, ingurumenean kalteak eragin ditzakete edo pertsonei kalte desberdinak eragin diezazkiekete.
Azterketa honen bitartez, ZIURek industria-sektoreko zibersegurtasunaren egungo egoerari heldu nahi dio, industria-erakundeek aurre egin behar dieten erronka eta mehatxu nagusiei buruzko azterketa eginez. Ildo horretan, txostenak honako ardatz hauek biltzen ditu: 4.0 industriak azken hiruhilekoan jasandako mehatxuen bilakaera, joera eta eragina; sektorearen aurkako zibererasoetan erabilitako teknikak eta metodologiak (erabilitako eraso-bektoreak, erasotzaileen eraso mota nagusiak eta helburuak); sektoreko zibersegurtasunaren erronkak; IT eta OT sareen segurtasun-egoera; eta hornidura-katearen segurtasun-egoera. Era berean, txostenak negozio-jarraitutasuna bermatzeko eta erabiltzailearen esperientzia zaintzeko jarraibideak biltzen ditu, baita egungo arau-esparruari buruzko hausnarketa eta lege arautzaileak ere. Azkenik, ZIURek ondorioak eta gomendio batzuk eskaintzen ditu.