Retour MUBILek eta ZIURek zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen eragina aztertuko dute
MUBILek eta ZIURek zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen eragina aztertuko dute
Martxoaren 16an sektoreari lotutako enpresak Donostian bilduko dira
Zibersegurtasun estrategiek gero eta pisu handiagoa dute mugikortasunarekin erlazionatutako industria-jarduera guztietan. Arau eta eskakizun aldaketei aurre egiten ari den sektorea da, eta ibilgailu-fabrikatzaileetan ez ezik, industria osagarrian eta, azken batean, balio-kate osoan ere badute eragina. Egoera horren aurrean, MUBIL eta ZIUR fundazioek, zibersegurtasunak mugikortasun adimendunean eta jasangarrian duen eragina aztertzeko enpresa-topaketa antolatu dute.
Mugikortasun soluzio berrien garapenak ibilgailuek zibererasoen arriskuaren aurrean esposizio handiagoa izatea dakar. Mugikortasun adimenduna eta jasangarria bultzatzeko erronkak zibersegurtasunaren ikuspegia jarduera horrekin erlazionatutako prozesu guztietan txertatzea dakar. Izan ere, dagoeneko ezartzen ari den erregulazio sektorialak, zibersegurtasuna txertatzera behartzen ditu mugikortasunaren sektoreko balio-kate osoa osatzen duten enpresak, bai ekoizpen-prozesuetan, bai azken produktuetan.
MUBILek eta ZIURek diseinatutako jardunaldiaren helburua mugikortasunaren inguruan lan egiten duten enpresekin zibersegurtasunaren arloko arauzko eskakizunak eta sektoreko jardunbide egokiak partekatzea da, zibersegurtasuna lehiakortasun-faktore gisa txertatzen ari diren enpresen esperientziak hurbilduz. Sektore horrek pisu nabarmena du euskal industria-sarean.
Topaketan ZeroLynx enpresak hartuko du parte, mugikortasunaren arloan enpresetarako zibersegurtasunean espezializatutako Europako talde nagusietakoak. Era berean, jardunaldiak zentro teknologikoetako (Ikerlan eta Ceit), automobilgintzari/mugikortasunari aplikatutako zibersegurtasunaren ebaluazioan eta ziurtapenean espezializatutako enpresa (Eurocybcar) eta sektoreko balio-katea osatzen duten enpresa sorta zabaleko ordezkarien esperientziak partekatzeko aukera emango du. Azken horien artean daude, besteak beste, osagaien eta azpisistemen enpresak (BATZ eta GKN), makina-erreminta enpresak (Goizper eta Fagor Arrasate) eta ibilgailuen fabrikatzaileak (CAF).
MUBIL, Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuteko beste eragile, enpresa, unibertsitate eta zentro teknologiko batzuekin lankidetzan, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sorturiko erreferentziazko zentroetako bat da.
Honek Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du, eta bere instalazioak bakarrak dira Europako hegoaldean. Instalazio horien edukiera handitu egingo da eraikuntza-fasean dagoen egoitza berriarekin. Mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloan nazioarte mailako eragile garrantzitsua izan nahi du