Retour 2023rako zibersegurtasunerako laguntzen programa zabalik dago
2023rako zibersegurtasunerako laguntzen programa zabalik dago
300.000 euroko aurrrekontua du ‘Gipuzkoa Digitala: Zibersegurtasuna’ izeneko programak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, zibersegurtasuna industria-enpresen artean sustatzea du helburu.
ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, diruz lagundutako proiektuei jarraipena eginez, zeregin aktiboa du egitasmo horien hedapenean. Gainera, laguntzak emateko garaian, enpresek ZIURek bultzatutako ekimenekin duten lankidetza, koordinazio eta lerrokatze-maila baloratuko da, erreferentziako zentroarekin sinergiak eta elkarlana sustatuz. Zibersegurtasunaren alorrean heldutasun autodiagnostikoa egiteko ZIURen metodologia erabiltzea ere baloratuko da.
Era berean, laguntza-programa hau ZIURen estrategiarekin bat dator eta 2021az geroztik egokitu egin da zibersegurtasun-zentroak industriako enpresa-sarean hautemandako beharretara.
Programaren egituraketari dagokionez, aurtengo deialdirako bi jarduera-ildo ezarri dira. Alde batetik, "Zibersegurtasuna Enpresak" izeneko laguntza-lerro bat abiarazi da, Gipuzkoako ETE industrialen zibersegurtasuna indartzeko. Horretarako, guztira 165.000 euro bideratu dira. Bestalde, “Industria-produktu Zibersegurua” izeneko bigarren linea bat jarri da martxan. Honek, 135.000 eurorainoko zuzkidura du, eta produktu industrialen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzea du helburu. “Zibersegurtasuna Enpresak” laguntza jasotzeko eskabideak aurkezteko epea 2023ko irailaren 15ean amaituko da, eta “Industria-produktu Zibersegurua” laguntza eskatzeko epea, berriz, 2023ko apirilaren 3an amaituko da.
“Zibersegurtasuna Enpresak” delakoaren laguntzarekin, zibersegurtasun-plan bat egiteko aholkularitza espezializatua kontratatzen lagunduko da. Plan horretan, ETEak zibersegurtasunari dagokionez duen egoeraren diagnostikoa egingo da eta plana hedatzen eta gauzatzen lagunduko zaio. Enpresa bakoitzak 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez eta diru-laguntza hori portzentualki handiagoa edo txikiagoa izango da enpresaren tamainaren arabera. Era berean, laguntza-eskaera aurkeztu aurretik zibersegurtasunaren ikuspuntutik ZIUR autodiagnostikorako online programaren bitartez egoera aztertu duten konpainiei % 15 gehiago finantzatuko zaie.
“Industria-produktu Zibersegurua” laguntza, bestalde, gailu industrialak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresei zuzenduta dago. Honen helburua produktua diseinatzen den une beretik zibersegurtasuna inplementatu eta zibersegurtasuneko laborategi industrialetan horien segurtasuna frogatzea da. Enpresa bakoitzak gehienez 20.000 euroko dirulaguntza jasoko du eta diru-laguntza hori portzentualki handiagoa edo txikiagoa izango da enpresaren tamainaren arabera. Era berean, ZIURekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen duten konpainiei % 15 gehiago finantzatuko zaie diruz lagundutako proiektuaren garapenean.