Retour ZIURek bere azken ziberinteligentzia txostenean retail industriaren aurkako mehatxuak eta hodeira migratzearen arriskuak jorratu ditu
ZIURek bere azken ziberinteligentzia txostenean retail industriaren aurkako mehatxuak eta hodeira migratzearen arriskuak jorratu ditu
ZIURek bere ziberinteligentziari buruzko azken txostena aurkeztu du. Bertan, urteko laugarren hiruhilekoko bi alderdi nagusi jorratzen ditu: batetik, retail industriak Gabonetako kanpainetan jasaten dituen mehatxuak, Black Friday edo Ciber Monday, eta, bestetik, cloud inguruneen aldeko apustua egiten duten erakundeen kopurua eta horrek euskal industria-ehunari dakartzan arrisku zibernetikoak.
Lehenengo kasuari dagokionez, retail sektoreko sustapen-kanpainak ez dira kontsumitzaileentzat soilik erakargarri, "ziberkriminal askorentzat egutegian gorriz markatuta" ere badaude, txostenean ohartarazten denez. Mehatxu nagusiak nortasuna ordezkatzea, ordainketa-pasabideen aurkako erasoak eta datuak lapurtzea dira, eta inplikatutako alderdi guztiei eragin diezaiekete, hau da, saltokiei, finantza-erakundeei, logistika-enpresei eta kontsumitzaileei. Zibereraso ohikoenak phishing-a, aplikazio mugikorren faltsifikazioa, ingeniaritza sozialeko erasoak, skimming webgunekoak, indar gordinekoak, kode-injekziokoak, ransomwarekoak edo hornidura-kateari eragiten diotenak dira.
Bestalde, kalkulatzen da erakundeen % 92k bere datuen zati bat cloud inguruneetan hartuko duela. Tresna horiek garrantzi berezia dute euskal industria-sarean, kontuan hartuta Euskadik etorkizuneko azpiegitura digitalen HUB bihurtu nahi duela, Eusko Jaurlaritzaren 2025eko Euskadiko Eraldaketarako Estrategian (ETDE2025) jasotzen denaren arabera. Euskadik bere Data Center propioa izateak eta azpiegitura digitalen arloan paper garrantzitsua hartzeak "mehatxu-eragileen helburu bihurtzea ekarriko du, eta horrek erakunde publikoei zein ekosistema industrial osoari eragingo die", ZIURek, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, ohartarazi duenez.
Horregatik, ZIURen ziberinteligentzia txostenak hainbat gomendio eta neurri planteatzen ditu eraso horiek saihesteko, eta 2023ko azken aldian aurkitu diren eta mundu mailan puntako enpresen zibersegurtasuna arriskuan jarri duten zenbait urrakortasun ere azaltzen ditu.