Retour ZIURek Gipuzkoako garapen agentzien zibersegurtasun-gaitasuna indartu du Tolosan egindako saio esklusibo batean

2026 / 02 / 04
Zentroak zibersegurtasun dekalogo bat partekatu du hogei bat ordezkarirekin.

ZIURek Gipuzkoako garapen agentzien zibersegurtasun-gaitasuna indartu du Tolosan egindako saio esklusibo batean

Zentroak zibersegurtasun dekalogo bat partekatu du hogei bat ordezkarirekin

ZIUR Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak Tokiko garapen agentziei zuzendutako zibersegurtasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio saio esklusibo bat eskaini du Tolosan. Jardunaldia Lehiberri zentroan egin da, ETE Digitala programaren baitan, eta ez du enpresen parte-hartzerik izan, lurraldeko garapen-eragileei bereziki zuzendutako ekintza izan baita.

Prestakuntza ZIUReko aditu Iñaki Torrecillak eta Markel Gómezek eman dute. Bertan, eraldaketa digitalari modu egituratuan eta eraginkorrean ekiteko lehen urrats gisa, ETEek zibersegurtasuneko oinarrizko dekalogo bat izatearen garrantzia nabarmendu dute. Gipuzkoako garapen agentzien laguntzarekin antolatutako jardunaldi hau, ETE Digitala programaren urteko lehen saioa izan da.

ZIURek saioa baliatu du ikuspegi praktiko batetik zibersegurtasunaren errealitatea parte-hartzaileei hurbiltzeko. Horretarako, Gipuzkoako enpresen egungo egoeraren inguruko diagnostiko bat, jasotzen dituzten eraso motak eta duten zibersegurtasun-heldutasun maila aurkeztu die bertaratukoei. Horrez gain, ETEentzako zibersegurtasun dekalogo baten gakoak azaldu dira, dekalogo horrek funtsesko arlo hauek jorratzen dituelarik: aktiboen inbentarioa, segurtasun-kopiak, endpointen babesa, segurtasun perimetrala, sareen segmentazioa, pasahitzen kudeaketa, urruneko sarbidea, phishing-aren prebentzioa, langileen prestakuntza eta krisien kudeaketa.

Hizlariek, era berean, ZIURek lurraldeko enpresen zerbitzura garatzen duen jarduera balioan jarri dute, gaur egun martxan dituen hainbat proiektu aurkeztuz, besteak beste enpresen prestakuntza eta babes-maila hobetzea helburu duten KELA proiektua eta Spear Phishing proiektua.  

Jardunaldiaren amaieran, ZIURek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean abiarazitako Europako zibersegurtasun araudien betetzea azkartzera zuzendutako lehen Azelerazio Programa aurkeztu da. 3 milioi euroko aurrekontua duen ekimen aitzindari honen helburua, Gipuzkoako industria-enpresa ekoizleak industria-produktu konektatuei eragiten dieten Europako araudietara egokitzeko prozesua azkartzen eta prestatzen laguntzea da. 

Programak zibersegurtasun industrialeko hiru laborategi ditu, eta parte hartzen duten enpresek, gero eta zorrotzagoa den testuinguru teknologiko eta arautzaile batean, OT, IoT eta IoMT arloko zibersegurtasunean adituak diren 10 profesionalen aholkularitza jasoko dute, Gipuzkoako industria-ehunaren lehiakortasuna eta erresilientzia indartzeko helburuz.