Retour Maria Penillak AAk enpresa zibersegurtasuna birdefinitzen duela ohartarazi eta itxaropen argiak eta errealistak ezartzeko eskatu du

Maria Penillak AAk enpresa zibersegurtasuna birdefinitzen duela ohartarazi eta “itxaropen argiak eta errealistak” ezartzeko eskatu du
Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) antolatutako jardunaldi batean, ZIUReko zuzendari nagusiak ziurtatu du adimen artifizialaren segurtasuna “funtsezko erantzukizuna” izango dela CISOentzat
Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) zibersegurtasunak dakartzan erronka eta aukera nagusiak aztertzeko jardunaldia egin zuen atzo, adimen artifizialaren (AA) agerpen azkarrak markatutako testuinguruan. Topaketak enpresa, erakunde eta irakaskuntza arloko ordezkariak bildu zituen, eta teknologia horiek erakundeen lehiakortasunean eta segurtasunean duten eraginari buruzko diagnostikoak eta ikuspegiak partekatzeko balio izan zuen.
Jardunaldia Jesús Urien Pineda PwC Ipar Zonako BSS Negoziorako Segurtasun Zerbitzuen bazkide arduradunak ireki zuen, eta Global Digital Trust Insights Survey 2026ren emaitzak aurkeztu zituen. Ondoren, Juan Ramón Aramendia Navarra Cybersecurity Centerreko koordinatzaileak Nafarroako zibersegurtasunaren egungo egoera azaldu zuen.
Jardunaldiaren beste une nagusi bat Maria Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arteko harremanari buruz eman zuen hitzaldia izan zen. Penillak, abian den aldaketaren garrantzia agerian uzten duten Gartnerren hainbat datu aurkeztu zituen: CEOen % 74aren iritziz AA izango da datozen hiru urteetan beren industrietan inpaktu handiena izango duen teknologia, eta zuzendari teknologikoen % 84ak, berriz, 2025ean AAn inbertsioa handitzeko asmoa du. Hala ere, erakundeen % 71ak aitortu du beren eredu operatiboa ez dagoela prestatuta AAk bultzatutako mundurako, eta % 29ak baino ez dio prestatuta dagoela.
Agertoki baikorrak eta ezkorrak
Testuinguru horretan, Penillak nabarmendu zuen AAren segurtasuna izango dela erantzukizun nagusia CISOentzat, gero eta presio handiagoa duen rola. 2028rako agertoki baikorrean, langile digitalen % 80ak AA sortzailea duten interfaze multimodalak erabiliko ditu, laneko efizientzia eta irisgarritasuna nabarmen hobetuz, eta enpresa-software aplikazioen % 33ak AA agentiboa izango du, 2024an % 1 baino gutxiago zenean, Gartnerren arabera. Hala ere, iturri horien arabera, 2030erako agertoki ezkorrean, enpresen erdiek talentu eskasia handia izan dezakete.
ZIUReko zuzendari nagusiak segurtasun arduradunek dituzten arrisku profesionalei buruz ohartarazi zuen: “CISO askok uste dute erantzukizun gehiago hartzeak hazkunde profesionala dakarrela, baina pentsatzeko modu hori engainagarria izan daiteke. Erantzukizun handiagoarekin batera, baliabide eskasak eta gauzak gaizki ateratzen direnean seinalatuak izateko arrisku handiagoa dago”. Ildo horretan, adierazi zuen CISOek inoiz ez dietela aurre egin hain aukera eta arrisku pertsonal eta profesional esanguratsuei, eta AAn berrikuntza bultzatzearen eta itxaropen argi eta errealistak ezartzearen artean oreka aurkitzeko dei egin zuen.
AAren Europako legea
Penillak, halaber, AAren Europako Legeari heldu zion, eta gogorarazi zuen araudia AAk gaitutako funtzio guztiei aplikatzen zaiela. Legeak AAren funtzio indibidualak –“AA sistemak” deituak– arautzen ditu, eta, beraz, produktu bakar batek dozenaka sistema har ditzake, eta horiek banaka ebaluatu eta sailkatu behar dira, arrisku mailaren arabera. Gainera, araudia erakunde batek inplementatzen duen edozein AA sistemari aplikatzen zaio, barruan garatua edo hirugarrenei erosia izan, eta horrek gaur egun erabiltzen ari diren software soluzioetan eta SaaS zerbitzuetan integratutako AA sistemen pilaketa handia uzten du agerian.
Jardunaldia amaitzeko, zibersegurtasunak Nafarroako gizartearentzat eta enpresa sarearentzat dituen erronkei buruzko mahai-inguru bat egin zen. Bertan parte hartu zuten Carlos Fernández Valdivielso CENeko idazkari nagusiak, Mikel Goñi Exkaleko Informazioaren Segurtasuneko, Eraldaketa Digitaleko eta AAko zuzendariak, Juan Ibero Enhol Taldeko CTO & CISOk eta Mikel Izal Nafarroako Unibertsitateko irakasle titularrak. Eztabaidaren moderatzailea Unai Cenigaonandia izan zen, Business Security Solutionseko (BSS) senior managerra PwC Espainian.