Retour Gipuzkoak eta Japoniak lankidetza-bide berriak aztertu dituzte zibersegurtasun industrialaren eta berrikuntza teknologikoaren arloan

2026 / 07 / 24
ZIURen egindako bilerak aukera eman du industria-zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren eta teknologia kuantikoen arloko estrategiak partekatzeko, baita enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko erronka komunak aztertzeko ere.

Gipuzkoak eta Japoniak lankidetza-bide berriak aztertu dituzte zibersegurtasun industrialaren eta berrikuntza teknologikoaren arloan

ZIURen egindako bilerak aukera eman du industria-zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren eta teknologia kuantikoen arloko estrategiak partekatzeko, baita enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko erronka komunak aztertzeko ere

Japoniako enbaxadore Hiroshi Yamauchik ZIUR, Gipuzkoako Industria Zibersegurtasuneko Zentroaren egoitza bisitatu du gaur. Bertan, lan-bilera egin du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoetako zuzendariarekin eta María Penilla ZIUReko zuzendariarekin.

Helburua izan da Gipuzkoak zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren eta teknologia kuantikoen arloan garatzen ari den estrategia partekatzea, baita Japoniak esparru horietan sustatzen dituen ekimenak bertatik bertara ezagutzea ere.

Topaketan zehar, bi ordezkaritzek enpresei laguntzeko politika publikoei buruzko esperientziak partekatu dituzte, gero eta digitalizatuagoa den testuinguru batean industriaren babesak dakartzan erronkak aztertu dituzte, eta adimen artifizialak zibersegurtasunean duen eraginari buruzko iritziak eta hausnarketak trukatu dituzte. Era berean, Japoniak eta Gipuzkoak erronka horiei aurre egiteko dituzten ikuspegiak alderatzeko aukera izan dute, bakoitzaren jardun-ereduak partekatuz eta etorkizuneko lankidetza-eremu posibleak aztertuz.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "Japoniako enbaxadorearen bisitak erakusten du Gipuzkoatik garatzen ari garen estrategiak nazioartean pizten duen interesa. Berrikuntzan eta teknologian erreferente den herrialde batek gure eredua bertatik bertara ezagutu eta lankidetza-bide posibleak aztertu nahi izateak erakusten digu bide egokian goazela".

Mendozak gaineratu duenez, "zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren eta teknologia aurreratuen alde egin dugun apustuak helburu oso argia du: gure enpresen lehiakortasuna babestea, gure industria-sarearen erresilientzia indartzea eta Gipuzkoarentzat garapen-aukera berriak sortzea".

Bestalde, María Penilla ZIUReko zuzendariak adierazi duenez, "bisita hau aukera bikaina da Gipuzkoak industria-zibersegurtasunaren arloan duen esperientzia partekatzeko eta erakundeen, enpresen eta ezagutzaren arloko eragileen arteko lankidetzan oinarritutako eredua erakusteko".

Penillak azpimarratu duenez, "zibersegurtasuna industriaren lehiakortasunerako funtsezko elementu estrategiko bihurtu da. ZIURetik lanean ari gara enpresei beren gaitasunak garatzen laguntzeko, arrisku berriei aurrea hartzeko eta Japonia bezalako nazioarteko erreferenteekin konektatutako ekosistema berritzaile bat sendotzeko".