Retour Gipuzkoak AArekiko bizikidetza errealista eta eraginkorraren alde egin du Industrysec2024 ekitaldian, lehiakorra izaten jarraitzeko

2024 / 10 / 17
Lurraldeko zibersegurtasun arloko ekitaldirik handienaren laugarren edizioa eginda gaur, ZIURek antolatuta. Bertan, AAren desafioei eta mehatxuei buruz eta Europako araudi berriek dakartzaten erronkei buruz sakondu da.

Gipuzkoak AArekiko bizikidetza errealista eta eraginkorraren alde egin du Industrysec2024 ekitaldian, lehiakorra izaten jarraitzeko

Lurraldeko zibersegurtasun arloko ekitaldirik handienaren laugarren edizioa eginda gaur, ZIURek antolatuta. Bertan, AAren desafioei eta mehatxuei buruz eta Europako araudi berriek dakartzaten erronkei buruz sakondu da.

Gipuzkoako zibersegurtasunaren arloko erreferentziazko ‘IndustrySec’ kongresuaren laugarren edizioa egingo da gaur Aquariumean, eta ‘beteta’ kartela eskegi behar izan da. ZIURek, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, antolatutako topaketa horretan sektoreko 150 ordezkari baino gehiago batzarrtu dira, zibersegurtasun arloko enpresa erreferenteen ikuspegia eta Gipuzkoako hainbat industria konpainiek alor horretan duten esperientzia ezagutzera hurbiltzeko.

ZIURek, trantsizio digitalaren testuinguruan zibersegurtasun industrialaren lurraldea indartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu nagusiak, “elkarlanerako, berrikuntzarako eta ezagutza partekaturako espazioa sortzea lortu du, enpresen eta zibersegurtasunaren sektorearen beraren zerbitzura”. Hala adierazi du ‘IndustrySec2024’ topaketaren irekieran Eider Mendoza diputatu nagusiak. Haren esanetan, “zentroa errealitate erreferente eta sendotua da, erakundeek, sektoreko enpresek eta beren sistemen, produktuen eta zerbitzuen segurtasunean aurrera egiteko interesa edo kezka duten enpresa eta eragileek osatutako sarea egituratu duena”.

“Industriaren lehiakortasunari eustea eta indartzea ezinbesteko erronka da Gipuzkoarentzat, eta gure enpresek hainbat frontetan egin behar diote aurre erronka horri. Eraldaketa teknologiko sakonaren erdian, are gehiago Europako industria bizitzen ari den bidegurutzean, lehiakortasunerako fronte horietako bat, zalantzarik gabe, zibersegurtasunarena da. Adimen Artifizialaren (AA) agerpenak mehatxu eta erronka berriak ekarri ditu berekin, eta horien aurrean gure enpresek kontzientziaturik eta prestaturik egon behar dute”, berretsi du Diputatu Nagusiak.

Bestalde, María Penilla ZIUReko zuzendaria izan da erreferentziazko ekitaldi horren aurkezlea, eta AAren bidez eraikitako bere ‘avatar’-arekin aritu da elkarrizketan. Eszenaratze deigarri horrek AAk industriarako dituen erronkei eta mehatxuei buruz hitz egiteko balio izan dio. Ildo horretan, adierazi du AA ezartzen ari diren enpresen % 60ak mehatxu espezifikoak jasan dituela dagoeneko, eta aurreikusten denez 2025erako teknologia horrek bultzatutako erasoen ondoriozko galerak 5,3 milioi dolarrekoak izango direla mundu mailan, Gartnerren arabera.

Estrategia “argia, errealista eta eraginkorra” AAn

“Gipuzkoak ez du AAren lasterketatik kanpo geratu nahi, baina estrategia argia, errealista, eraginkorra eta gure gaitasunekin eta negozio estrategiarekin lerrokatua izan behar dugu, inbertsioak ondo bideratzeko eta atzean ez gelditzeko. Etikaren aldagaia sartu behar dugu ekuazioan, eta horretan Gipuzkoak erreferentzia izan behar du”, defendatu du Penillak. ZIUReko zuzendariak zentroaren estrategia azaldu du. Lau urtean eskualde eta enpresa mailako tailerrak eta saioak eskaini ditu, eta horietan 1.000 pertsona inguruk hartu dute parte, 140 enpresa ingururi aholkuak eman dizkie eta 22 proiektu egin ditu 115 entitaterekin.

Penillaren ondoren, Javier Fernández Tello Microsofteko zibersegurtasuneko espezialistak hitzaldia eman du, eta enpresek AAko soluzioak zergatik hartu behar dituzten azaldu du, Microsoften AAren estrategia zehaztuz. Halaber, ‘IndustrySec2024’ topaketak ‘Nola ebaluatu eta hobetu nuen zibersegurtasun maila nire produktu industrialaren diseinuan’ mahai-ingurua antolatu du. Bertan, makina-erremintaren sektoreko Gipuzkoako nazioarteko lau fabrikatzailek –Fagor Automation, Ibarmia, Soraluce (Danobatgroup) eta Loire Gestamp– ZIURen metodologian oinarrituta zibersegurtasuna ebaluatzeko prozesuan duten esperientzia azaldu dute, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren eta AFMren arteko aliantzatik abiatutako ekimenaren barruan. Datozen hilabeteetan, ZIURek esperientzia hori estrategikoak diren beste ekonomia sektore batzuetan errepikatu nahi du: automobilgintzan, medikuntzan eta IoTean.

‘IndustrySec2024’ topaketan mahai gainean jarri den beste gai nagusietako bat Europako NIS2 zuzentarau berria izan da. Zuzentarau horrek gutxieneko zibersegurtasun maila ezartzen du Europar Batasuneko estatu kide guztientzat, eta sektore kritiko eta funtsezkoetako enpresa ertainei eta handiei eragiten die, publikoei zein pribatuei. Azken hilabeteetan, ZIURek gai horri buruzko hainbat kontsulta jaso ditu, eta zentroak AAn oinarritutako laguntzaile birtuala abiaraztea erabaki du, horri buruzko zalantza guztiak argitzeko. ‘IndustrySec2024’ topaketak araudi horren inguruko gaiak ere ebatzi ditu, SPRIko zibersegurtasun industrialeko arduradunak moderatu duen, eta Seinale, Leet Security eta Biele Groupeko adituek parte hartu duten mahai-inguruan.

Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak itxi du Gipuzkoako zibersegurtasunaren arloko erreferentziazko ekitaldia. “Aldunditik gure sare industrialari laguntzen jarraituko dugu, lehiakorra izaten jarrai dezan” azpimarratu du, eta datozen hilabeteetan ZIURek zibersegurtasunaren ebaluaziora bideratutako proiektuak esleitzen jarraituko duela iragarri.