Retour Gipuzkoa IndustrySec 2025 biltzarrean izena emateko azken deia

Gipuzkoa IndustrySec 2025 biltzarrean izena emateko azken deia
Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko topaketarik handiena bihar, osteguna, ospatuko da Ficoban, Kasperskyko Marc Riveroren partaidetzarekin
‘IndustrySec 2025’, ZIUR Fundazioak eta Foru Aldundiak antolatutako Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko erreferentziazko ekitaldia, hilaren 9an egingo da Irungo Ficoba erakustazokan. ‘Unitatearen indarra: lankidetza ekosistemaren motor gisa’ lelopean, edizio berri honetan sektoreko adituak bilduko dira, segurtasun digitalaren arloan industriaren etorkizuna markatuko duten erronka, aukera eta araudi berriak aztertzeko.
“Aldundiak ZIUR sortzearen aldeko apustua egin zuen, gure industria- eta enpresa-sareari merkatu globalizatuan lehiakorra izaten jarraitzen laguntzeko, eta konpromiso horrek fruituak eman dituela ziurtatu dezakegu. ‘IndustrySec 2025’ ekitaldian, Gipuzkoan etengabe hazten ari den zibersegurtasun sare osoarekin partekatuko ditugu ezagutza eta esperientziak. Zalantzarik gabe, eremu hori lehentasun bihurtu da lurraldeko enpresentzat, badakitelako oso prestatuta egon behar dutela gero eta ohikoagoak, eraginkorragoak eta sofistikatuagoak diren zibererasoei erantzuteko”, ziurtatu du Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Marc Rivero López ziberadimenean, geopolitikan eta mehatxu aurreratuen analisian aditu ospetsuak emango du hitzaldi nagusia, ‘Mehatxuen adimena industria sektorean: zure etsaia ezagutzearen garrantzia’ izenburupean. Ziberkrimena nazioartean aztertzen eta borrokatzen ibilbide luzea duen Riverok sortzen ari diren arriskuei eta industriako enpresen jarraitutasuna eta erresilientzia mehatxatzen duten erasoei aurrea hartzeko beharrari buruzko ikuspegi estrategikoa emango du.
Programak, gainera, bi mahai-inguru izango ditu, zibersegurtasun arloko enpresa eta arduradunen parte-hartzearekin, esperientzia praktikoak partekatzeko. Zehatzago, ‘Produktu industrialaren zibersegurtasunaren ebaluazioa’ izeneko lehenengoan, Masermic, Bexen Cardio eta Connect Group erakundeek hartuko dute parte, eta SPRI Taldeko Guillermo Unamunok moderatuko du. Ondoren, Betapack-eko, Venanpri Group-eko (Bellota Herramientas) eta Gourmet Okin Taldeko ordezkariek osatutako ‘CISOren kudeaketa industrian’ mahai ingurua egingo da, eta María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak moderatuko du.
“’IndustrySec 2025’ ekitaldiarekin, Gipuzkoak zibersegurtasun industrialaren erreferentzia puntu gisa duen posizioa indartu nahi du, ezagutza partekatuaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren alde eginez, etorkizun digitalaren erronkei aurre egiteko”, ziurtatu du ZIUReko zuzendari nagusiak.