Atzealdea ZIURek zibersegurtasunean inbertitzearen garrantziaz hitz egin du Oreka Eguna 2026 jardunaldian

ZIURek zibersegurtasunean inbertitzearen garrantziaz hitz egin du Oreka Eguna 2026 jardunaldian
ZIUReko zuzendari María Penillak mahai-inguru batean parte hartu du Copreci eta Black Arrow enpresetako ordezkariekin batera, egungo zibersegurtasunaren erronkak eta erakundeen babesa indartzeko beharra aztertzeko
Zibersegurtasuna estrategikoa bihurtu da enpresen jarraitutasuna eta erresilientzia bermatzeko. Hori izan da Oreka Eguna 2026 jardunaldiaren barruan egindako ‘El futuro se protege hoy. ¿Por qué invertir hoy en ciberseguridad?’ mahai-inguruaren ondorio nagusietako bat. Oreka ITk antolatutako enpresa-eraldaketa digitalari eta kudeaketa-teknologiei buruzko urteko jardunaldia Vitoria-Gasteizko Villa Suso jauregian egin da.
ZIUReko zuzendari María Penillak topaketan parte hartu du, zibersegurtasun industrialaren egungo egoerari eta zibersegurtasunean egiten diren inbertsioak ikuspegi estrategikotik eta erakundeen beharretara egokituta lantzearen garrantziari buruzko ikuspegi instituzionala eskainiz.
‘El futuro digital no espera’ lelopean, Oreka Eguna 2026k teknologiaren eta enpresa-arloaren profesionalak bildu ditu, eraldaketa digitalarekin eta enpresa-kudeaketako teknologiekin lotutako berrikuntzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Programak SAP soluzioei, analitikari, adimen artifizialari, jasangarritasunari eta azpiegituren kudeaketari buruzko hitzaldi eta arrakasta-kasuak jaso ditu, baita benetako zibereraso bati aurre egiteko esperientziari eskainitako saio bat ere.
Ikuspegi desberdinetatik abiatutako ikuspegi partekatua
Zibersegurtasunari buruzko mahai-inguruan Andoni Bengoa, Coprecikoa, enpresa-ikuspegia eskaini du; María Penilla, ZIURekoa, ikuspegi instituzionaletik aritu da; eta Mikel Trujillo, Black Arrowkoa, hacking etikoaren ikuspegia azaldu du. Saioa Oreka ITko Máximo Calvo Ordásek moderatu du.
Profilen aniztasunari esker, zibersegurtasuna hainbat ikuspegitatik aztertu eta erakundeek gaur egun dituzten kezka eta erronka nagusiak partekatu ahal izan dira. Besteak beste, mehatxuen bilakaera, zibersegurtasunaren ekosistemaren egungo egoera eta enpresen gero eta esposizio digital handiagoak dakartzan erronkak aztertu dira.
Eztabaidan, halaber, gorabehera baten aurrean prest ez egotearen ondorioak aztertu dira, jardueran eta ospean izan dezakeen eragin zuzenetik hasi eta negozioaren jarraitutasunerako arriskuetaraino. Testuinguru horretan, prebentzioa eta erantzuteko gaitasuna funtsezko elementuak dira erakunde erresilienteagoak eraikitzeko.
Zibersegurtasuna enpresa-estrategian txertatzea
Elkarrizketaren beste ardatzetako bat zibersegurtasuna erakundeen estrategia baten parte gisa ulertzeko beharra izan da, eta erantzukizun partekatua dela aitortzea. Inbertsioak lehenestea, gaitasunak eta talentua garatzea, teknologia txertatzea eta enpresen, erakundeen eta espezialisten arteko lankidetza funtsezkoak dira arlo honetan aurrera egiteko.
Ildo horretan, jardunaldiak agerian utzi du zibersegurtasunean arriskua kudeatzearen eta epe luzeko ikuspegiarekin inbertsio-erabakiak hartzearen garrantzia, negozioaren beharrak eta berrikuntzaren, hazkundearen eta babesaren arteko oreka kontuan hartuta.
Mahai-ingurua datozen urteetarako begirada batekin eta eraldaketa digitalaren testuinguru azeleratuan enpresa-sareak aurre egin beharko dien erronka berriei buruzko hausnarketarekin amaitu da. Testuinguru horretan, topaketan agerian geratu den bezala, mehatxuei aurrea hartzea eta gaur zibersegurtasunean inbertitzea erakundeen etorkizuneko jarraitutasunean eta lehiakortasunean ere inbertitzea da.