Atzealdea ZIURen tailer berria Ordizian Cibcom eta Goierri Valleyrekin batera
ZIURen tailer berria Ordizian Cibcom eta Goierri Valleyrekin batera
Urriaren 3an egin zen, eta ziberintzidenteen aurrean erantzuteko protokoloen inguruan aritu zen
ZIURek, Elektra Taldeko Cibcom Technologies enpresarekin eta Goierri Valley agentziarekin batera, zibersegurtasuneko tailer bat egin zuen. Bertan enpresetan ziberintzidenteen aurrean erantzuteko protokolo bat barne-definitzeko estrategiak eta gomendioak ezagutzera eman zituen.
ZIURen helburuetako bat, hain zuzen ere, Gipuzkoako zibersegurtasun industriala hobetzen laguntzea da, eta, horretarako, tailerrak eskaintzen dizkie enpresei, arlo horretan aurrera egin dezaten. Oraingo honetan, Ordizian antolatutako saioak "Ziberintzidenteen aurrean jarduteko protokoloa" zuen izena, eta eskualdeko enpresetako ordezkariei zuzenduta zegoen, hala nola gerenteei, IKT zuzendariei edo produkzio zuzendariei.
Goierriko Berrikuntza Poloko NBF eraikinean egindako tailerrean, ZIUReko zibersegurtasuneko aditu Iker Izaguirrek eta Iñaki Torrecillak Gipuzkoako gertakari ohikoenen berri ere eman zuten, baita ziberkrisi bat behar bezala kudeatzeko gomendioak ere.
Bestalde, Marcos Zalacain Martín Grupo Elektrako Cibcom Technologies enpresako komunikazio industrialen aholkulariak jardunaldiari amaiera eman zion, neurri horien inplementazioari buruzko benetako kasu baten adibidea irakatsiz.