Atzealdea ZIURen puntako laborategia 387 enpresara heldu da bere bosgarren urteurrenean

ZIURen puntako laborategia 387 enpresara heldu da bere bosgarren urteurrenean
“Gipuzkoa segurtasun digital industrialaren esparruan eskualdeko eta nazioarteko erreferentzia bihurtzeko egiten ari den apustuaren erakusgarri argia da”, adierazi du Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak
ZIUR Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren laborategi aurreratuak bosgarren urteurrena bete du, eta denbora horretan lurraldeko 387 enpresari lagundu die segurtasun digitaleko gaitasunak hobetzen. “Lurralde gisa segurtasun digital industrialaren esparruan eskualdeko eta nazioarteko erreferentzia bihurtzeko egiten ari garen apustuaren erakusgarri argia da”, adierazi du Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. Azpiegitura hau Gipuzkoako enpresa industrialei, zibersegurtasunaren sektoreari lotutako fabrikatzaileei –bai produktu industrialei dagokienez, bai segurtasun soluzioei dagokienez–, eta zentro teknologikoei eta ezagutza zentroei ere zuzenduta dago.
Sortu zenetik, ZIUR Gipuzkoako industriaren konfiantzazko aliatu gisa finkatu da eraldaketa digitaleko prozesuan, enpresei ingurune digitaletik eratorritako mehatxu berriak bideratzen eta kudeatzen lagunduz. “Helburua, Gipuzkoak zibersegurtasun industrialaren arloan dituen gaitasunak hobetzea eta gure nazioarteko posizionamendua indartzea zen, eta agerikoa da horretan ZIUR modu aktiboan ari dela laguntzen”, azpimarratu du.
Zibersegurtasun industrialeko probetarako funtsezko azpiegitura
Zibersegurtasun industrialeko laborategia da ZIURen funtsezko azpiegitura. Bertan, zibererasoak jasan ditzaketen osagai, sistema, prozesu eta teknologia industrialei buruzko zibersegurtasun probak eta saiakuntzak egiten dira. Sektoreko enpresa eta eragileekin lankidetzan aritzeko gune irekia da, eta oso simulazio errealistak sortzeko sistema, sare eta prozesu industrial errealak erreproduzitzeko gai da.
2021etik 2025era bitartean, 387 enpresak hartu dute parte laborategian, eta horrek erakusten du industria sareak erresilientzia digitala indartzeko gero eta interes handiagoa duela.
Esperimentazio-, ebaluazio- eta prestakuntza-zerbitzuak
ZIURek esperimentazio-, ebaluazio- eta prestakuntza-zerbitzu ugari eskaintzen ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira zibererasoen simulazioak (Breach and Attack Simulation), ICS auditoretzak, pentesting automatizatua, datu-filtrazioen monitorizazioa, zibersegurtasunaren ebaluazioa industria-produktuen diseinuan (makina-erreminta, IoT, automobilgintza eta sektore medikoa), eta gertakariei erantzuteko prestakuntza aurreratua eta gamifikatua.
Zerbitzu horiek funtsezko helburu hauek dituzte:
- Enpresen zibersegurtasun arloko heldutasun egoera ezagutzea.
- Industriari zuzendutako erasotzaileen eta erasoen tipologiak identifikatzea.
- Enpresei zibergertakarien aurrean prestatzen eta erantzuten laguntzea.
- Araudia betetzen laguntzea, etorkizuneko Cyber Resilience Act (CRA) barne.
- Erabiltzaileen eta zuzendaritza-taldeen prestakuntza eta kontzientziazioa bultzatzea.
- Merkatuko soluzioen eta OT arkitektura seguruen ebaluazioa erraztea.
- Hazkunde iraunkorra aholkularitzan eta prestakuntzan.
2020az geroztik, zibersegurtasuneko aholkularitza zerbitzua 205 enpresak erabili dute, mikroenpresak, ETEak eta industria konpainia handiak barne. 2024an bakarrik 58 enpresari eman zitzaien arreta, eta goranzko joera sendotu zen. “Aholkularitza-zerbitzu horretara jotzen duten enpresen kopurua gero eta handiagoa da, eta horrek erakusten du enpresa-sareak zibersegurtasunaren garrantzi estrategikoari buruzko kontzientzia handiagoa duela. Gero eta erakunde gehiagok uste dute gero eta ingurune industrial digitalizatuagoan beren sistemak eta prozesuak babestea funtsezkoa dela lehiakortasuna eta erresilientzia bermatzeko”, adierazi du Maria Penilla ZIUReko zuzendariak.
Aldi berean, Fundazioak prestakuntza-jarduera handia egin du:
- 113 prestakuntza-tailer 2020tik 2025era.
- 1.000 enpresa baino gehiagok hartu dute parte.
- 1.260 pertsona inguru prestatu dira.
- 1.800 sentsibilizazio jarduera baino gehiago, talde teknikoei zein zuzendaritza taldeetako kideei zuzenduta, industria sarean zibersegurtasunaren kultura indartzeko.