Atzealdea Eraso-azalera, kudeatu beharreko assetak eta digitalizazioa hazten ari dira, baina IT sailak ez dira erritmo berean hazten

2025 / 12 / 03
ZIUReko zuzendari María Penilla Bilboko PwC-ren

"Eraso-azalera, kudeatu beharreko assetak eta digitalizazioa hazten ari dira, baina IT sailak ez dira erritmo berean hazten"

María Penilla ZIUReko zuzendariak Bilboko PwC-ren "Digital Trust Insights 2026" ekitaldian parte hartu du

"Digitalizazioarekin eraso-azalera eta kudeatu beharreko assetak hazi egin dira, baina IT sailak ez dira erritmo berean hazi". Hala ziurtatu du ZIUReko zuzendari Maria Penillak PwC-k Bilbon antolatutako "Digital Trust Insights 2026" jardunaldian. Era berean, zibersegurtasun ekosistemako hainbat arlotako profesionalen hitzaldiak izan dira topaketan.

Penillak industria sektorean zibersegurtasunak izan duen bilakaerari buruzko hitzaldia eskaini eta teknologia prediktiboan oinarritutako ‘KELA’ tresnaren bitartez ZIURek garatu dituen azken proiektuen emaitzak erakutsi ditu. Ekimen honek 80 erakunde lagundu ditu erasoak prebenitzeko orduan.

"Mehatxuen adimenak segurtasun-arrakalei, erregulazio-isunei eta bezeroen konfiantza galerari lotutako kostuak murriztea ahalbidetzen du, enpresei aurrea hartzen eta zibererasoak arintzen laguntzen dielako", adierazi du Penillak.

ZIUReko adituak industria-enpresek dituzten berehalako erronketan sakondu du, hala nola zibersegurtasuneko araudi berriak indarrean jartzean. Zentzu horretan, abenduaren 11n Gipuzkoako manufaktura-enpresei aurkeztuko zaien ‘ZIUR Azelerazio Programa’ berria azaldu du.

Nazioarteko enpresa erreferenteek lagunduta, Market Place baten bidez garatuko den programa honek CRA industria-produktu konektatuetarako zibersegurtasunaren arloko Europako araudia betetzen lagundu nahi die erakundeei.

Azkenik, hornidura-kateen aurkako erasoak areagotzea eta tresna teknologiko berriak barneratzea suposatzen duten erronken inguruan sakondu du. Bestalde, Adimen Artifizialari dagokionez, “azken urteetan diru asko inbertitu eta trukean inolako etekinik jaso ostean, 2026an etekina ateratzen hastea espero dela “ esan du.