Atzealdea ZIURek zibersegurtasunaren erronkak eta berrikuntzaren zeregina aztertu ditu Hibridalaben egindako jardunaldi batean

2026 / 10 / 23
ZIUR Fundazioko zuzendari nagusi María Penillak 'Guda hibridoa' zibersegurtasun-jardunaldian parte hartu du gaur goizean, Gasteizko Hibridalab berrikuntza-zentroan, Hybrid Innovation Week ekimenaren barruan.

ZIURek zibersegurtasunaren erronkak eta berrikuntzaren zeregina aztertu ditu Hibridalaben egindako jardunaldi batean

ZIUR Fundazioko zuzendari nagusi María Penillak 'Guda hibridoa' zibersegurtasun-jardunaldian parte hartu du gaur goizean, Gasteizko Hibridalab berrikuntza-zentroan, Hybrid Innovation Week ekimenaren barruan. Topaketak zibereraso baten erakustaldi praktikoa eta gero eta interkonektatuagoa dagoen ingurune digitalaren babesak planteatzen dituen erronkei buruzko eztabaida uztartu ditu.

Jardunaldia zibereraso baten zuzeneko simulazioarekin hasi da, SPRIren eta Cybertix Technologiesen eskutik. Erakustaldiaren bidez, gertakari digital batek izan ditzakeen ondorio operatiboak eta horrelako egoerei erantzuteko erabakiak hartzearen garrantzia azaldu dira.

Ondoren, María Penillak zibersegurtasunaren lehentasunezko erronkei buruzko mahai-inguruan parte hartu du, beste hiru aditurekin batera: Xabier Mitxelena, Cybasque eta CyberLur erakundeen presidentea; Lorenzo Díaz de Apodaca, Cybertix Technologieseko CEOa; eta Ander Larrinaga, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren Saileko Berrikuntza zuzendaria eta CyberArabako arduraduna. Eztabaida Roberto Gómez de la Iglesia Conexiones improbables erakundeko zuzendariak moderatu du.

Topaketan agerian geratu da hiper konektibitateak eta mehatxu digital berriek markatutako testuinguruan zibersegurtasuna lehentasunezko gai bihurtu dela enpresentzat, erakundeentzat eta herritarrentzat. Era berean, erakundeetan prebentzio-kultura sustatzearen, protokolo sendoak eta tresna eraginkorrak izatearen eta zibererasoen aurrean erantzuteko gaitasuna indartzearen beharra nabarmendu da.

Jardunaldia Hybrid Innovation Week ekimenaren lehen edizioaren barruan egin da. Hibridalabek sustatutako ekimen horren helburua da berrikuntza hainbat sektoretako enpresetara, erakundeetara eta herritarrengana hurbiltzea. Berrikuntza-asteak Arabako Foru Aldundiaren, Vital Fundazioaren eta Conexiones improbables erakundearen babesa du.