Atzealdea ZIURek zibersegurtasunaren arloko tresnak eta programak partekatu ditu sektore aeronautiko eta espazialak Europako araudira egokitzen laguntzeko

2026 / 06 / 01
 SPRI Taldearen saio honetan parte hartu du, bertaratutako hogei profesional eta enpresei ZIUR Azelerazio Programa aurkezteko.

ZIURek zibersegurtasunaren arloko tresnak eta programak partekatu ditu sektore aeronautiko eta espazialak Europako araudira egokitzen laguntzeko

SPRI Taldearen saio honetan parte hartu du, bertaratutako hogei profesional eta enpresei ZIUR Azelerazio Programa aurkezteko.

Bizkaiko Parke Teknologikoak, Zamudion, “NIS2 eta CRA araudien adopziorako bide-orria sektore aeronautikoan eta espazialean” jardunaldia hartu du ekainaren 1ean. Topaketa SPRI Taldeak antolatu du, ZIUR Fundazioaren, Cybasqueren, Seinale eta Oesia enpresen laguntzarekin, eta Hegan klusterraren lankidetzarekin. Jardunaldiak sektoreko profesionalak eta enpresak bildu ditu, zibersegurtasuna indartzeko eta laguntzeko neurriak proposatzeko, baita Europako eta eskualdeko politika eta ekimenekin lerrokatzea errazteko ere.

Topaketa Euskadiko Zibersegurtasun Mahaien proiektuaren baitan kokatzen da. Ekimen horren helburua da euskal enpresa-sarearen erresilientzia digitala indartzea, erakundeen, klusterren eta zibersegurtasunaren arloko erreferentziazko enpresen arteko lankidetzaren bidez.

Jardunaldian zehar, Seinale eta Oesia enpresek NIS2 zuzentarauaren eta Cyber Resilience Act (CRA) legearen betetzearekin lotutako erronka nagusiak aztertu dituzte. Europako bi arau horiek funtsezkoak dira konektatutako produktu eta zerbitzuen zibersegurtasuna indartzeko. Sektore aeronautikoari eta espazialari aplikatu beharreko obligazioak azaltzeaz gain, bi konpainiek arrakasta-kasuak eta proiektu baten adibide praktiko bat aurkeztu dituzte.

Bestalde, María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak NIS2 zuzentarauari eta CRA legeari lotutako framework-ak aurkeztu ditu, baita sektore aeronautiko eta espazialeko zibersegurtasunaren egungo egoeraren erradiografia bat ere. Bere hitzaldian, azpimarratu du enpresek Europako araudi berriek ezarriko dituzten eskakizunetara egokitzen hasi behar dutela, bereziki produktu konektatuen segurtasunarekin lotutako arloetan.

Era berean, ZIURek Gipuzkoako Foru Aldundiak industria-enpresen eskura jartzen dituen tresnak, programak eta dirulaguntzak aurkeztu ditu, araudira egokitzeko eta zibersegurtasuna indartzeko prozesuan laguntza eskaintzeko.

Testuinguru horretan, María Penillak ZIUR Azelerazio Programa aurkeztu du, industria-sareari CRA legea betetzen laguntzeko diseinatutako ekimena. “Gure CRA Azelerazio Proiektuarekin lurraldeko enpresak lagundu nahi ditugu eta, besteak beste, haien produktu konektatuen ebaluazioa erraztu”, nabarmendu du.

Jardunaldian SPRI Taldeak ere parte hartu du, enpresen zibersegurtasuna indartzera bideratutako laguntzak azaltzeko; eta Cybasquek, berriz, zibersegurtasun-ratingari eta lankidetza komunitate birtualari buruzko informazioa aurkeztu du, baita BitSight nazioarteko plataformaren bidez lortutako datuak ere, erakunde elkartuen zibersegurtasun mailari buruzkoak.