Atzealdea ZIURek zibersegurtasun-gertakarien kudeaketan trebatu ditu Urola Garaiko hamar bat ikasle

ZIURek zibersegurtasun-gertakarien kudeaketan trebatu ditu Urola Garaiko hamar bat ikasle
Fundazioak Zumarragako UGLE Eskola zentroa hartu du bere egoitzan
Urola Garaiko Lanbide Eskolako (UGLE) Zibersegurtasun Industrialean Espezializazioko lehen promozioko ikasleek zibersegurtasun industrialeko saio teoriko-praktiko batean parte hartu dute ZIURen egoitzan. Zumarragako ikastetxeko ikasleek bertatik bertara ikasi dituzte zibersegurtasuneko egungo erronka nagusiak, industria-inguruneetako mehatxu mota ohikoenak eta industria-inguruneetako ziberintzidenteen kudeaketaren oinarri nagusiak.
Horretarako, ZIUReko ICS Security Architect Iñaki Torrecillak eta zibersegurtasuneko analista Markel Gómezek gorabeheren aurrean erantzun eraginkorra nola egituratu azaldu dute, jarduera-protokoloaren funtsezko faseak eta komunikazioaren eta informazio-erregistroaren garrantzia barne. Krisiaren kudeaketari eta erantzun-batzordearen zereginari buruzko prestakuntza ere eman dute.
Alderdi teorikoaren ondoren, ikasleek, ‘Kaspersky Interactive Protection Simulation (KIPS)’ mahai-jokoaren bitartez, hainbat dinamikatan parte hartu dute industria-ingurune batean ziberintzidenteen kudeaketari buruz eskuratutako oinarriak praktikan jarriz. Zehazki, zibererasoa jasan duen industria-planta baten simulazio batean, zibersegurtasuneko estrategia bat ezarri dute negozioaren jarraitutasuna mantentzeko helburuarekin. Jarduera gamifikatu horri esker, egoera errealetan hartu ahal izan dituzte erabakiak.
ZIURen helburua, ikasleei zibersegurtasunaren ikuspegi zabalagoa eskainiz eta lurraldeko industria-enpresek arlo horretan duten errealitatea partekatuz, zibersegurtasunaren arloan talentu profesionala garatzen laguntzea da.
ZIURek prestakuntza-ekintza erregularrak egiten ditu hezkuntza-eragileen artean eta horien artean, saio honetako protagonista den UGLE LHko zentroaz gain, SEIM Informatikako Ikasketa Zentroa, Zubiri Manteo, Easo Politeknikoa, Ingeniarien Ikastetxea, Armeria Eskola, Izarraitz LH, Lea-Artibai LHko Zentroa, Mondragon Unibertsitatea eta EHU daude.
Azken horri dagokionez, aipatzekoa da zibersegurtasuneko zentroak EHUrekin eta ZIUR Zibersegurtasuneko Enpresa Gelakekin adostu zuen hitzarmena. Gela honen helburua, berrikuntzaren, ezagutzaren sorreraren eta eraldaketaren bidez, bai eta sareko lanaren eta proiektuen sustapenaren eta kudeaketaren bidez ere, euskal unibertsitate publikoko irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen gaitasunen garapena hobetzea da.