Atzealdea ZIURek Urola Erdiko ETEei ohartarazi die zibersegurtasunean ez inbertitzeko arriskuei buruz

ZIURek Urola Erdiko ETEei ohartarazi die zibersegurtasunean ez inbertitzeko arriskuei buruz
Tailerra Ikasiz elkarlaneko proiektuaren barruan kokatzen da
ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza Agentziaren laguntzarekin, zaintza teknologikoko tailer bat eman zien Urola Erdiko enpresetako IT arduradunei eta gerenteei otsailaren 27an. Ikasiz elkarlaneko proiektuaren barruan kokatzen den zibersegurtasun saio honen helburua enpresek erabiltzen dituzten zibersegurtasun estrategia eta irizpideei buruzko eztabaida irekia izatea izan zen, baita erakundeen segurtasun informatikoa bermatzeko beharrezkoak diren baliabide eta inbertsioei buruzko kontzientziazioa zabaltzea ere.
Topaketa Azpeitiko Basazabal Jauregian egin zen, eta ZIUReko zibersegurtasuneko aditu Iñaki Torrecilla eta Markel Gómez izan ziren bertan. Zibersegurtasunaren arloan gaur egun dauden berrikuntzak eta joerak aurkeztu zizkieten bertaratutakoei, baita aurtengo aurreikuspena eta proiekzioa ere. Era berean, zibersegurtasunean inbertsio hoberena egiteko irizpide estrategikoak zeintzuk diren jakiteaz gain, funtsezko baliabideak, inbertsio-lehentasunak eta ITko eta zibersegurtasuneko zerbitzuen azpikontratazio-motak ezagutzeko aukera izan zuten.
Topaketari amaiera emateko, arlo horretan errealitatea zein den mahaigaineratu eta Urola Erdiko ETEeko IT sailek eta taldeek duten gaitasuna ezagutarazteko helburuarekin, enpresek beren esperientziak partekatu zituzten. Horrez gain, dinamika parte-hartzaile baten bidez, talde honetako IT arduradunek etorkizunean landuko dituzten zibersegurtasuneko jarduera-ildo nagusiak identifikatu zituzten.
Jardunaldi hau Ikasiz programaren barruan kokatzen da eta ikaskuntza-prozesu kolektiboen bidez, eskualdeko enpresetako IKT arduradunen trebakuntza, digitalizazioa eta teknologia berriak sustatzea helburu duen urteroko saio ziklo bat da. Horretarako, hartu-emanean oinarritutako lantaldeak lehenetsitako gaiei buruzko lan-jardunaldiak antolatzen dira. Era berean, enpresa bakoitzak proiektu praktiko bat aplikatzeko aukera du.