Atzealdea ZIURek turismo-sektorean zibererasoen gorakadaz ohartarazi du eta Gipuzkoako bidaia-agentziak prestatu ditu segurtasun digitala indartzeko

2026 / 04 / 16
Gipuzkoako Bidaia Agentzien Elkartearekin (Bidaikide) batera, jardunaldi teoriko-praktiko bat egin du enpresek zibererasoen aurrean detekzio- eta erantzun-gaitasuna hobetu dezaten.

ZIURek turismo-sektorean zibererasoen gorakadaz ohartarazi du eta Gipuzkoako bidaia-agentziak prestatu ditu segurtasun digitala indartzeko

Gipuzkoako Bidaia Agentzien Elkartearekin (Bidaikide) batera, jardunaldi teoriko-praktiko bat egin du enpresek zibererasoen aurrean detekzio- eta erantzun-gaitasuna hobetu dezaten

Turismo-sektoreak gero eta presio handiagoa jasaten du zibergaizkileen aldetik. Testuinguru horretan, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak jardunaldi teoriko-praktiko bat eskaini die lurraldeko bidaia-agentziei, zibererasoen aurrean detekzio- eta erantzun-gaitasuna hobetzeko helburuarekin.

Bidaia-agentzien eta turismo-operadoreen sektorea segurtasun digitaleko intzidenteen aurrean duten esposizio maila handiena bilakatu da kudeatzen duen datu pertsonal eta finantzarioen bolumen handia dela eta. Sektoreak eskeinitako  datuen arabera, jarduera horiek turismo-arloko intzidenteen % 29 bildu zuten 2024an, kaltetuenen artean bigarren azpisektorea izanik.

Gipuzkoako Bidaia Agentzien Elkartearekin (Bidaikide) elkarlanean antolatutako saioak, aurrez aurre zein online, dozena bat profesional batu ditu Gipuzkoako Merkatari Ganberaren Federazioan. 

Eguneroko jarduerarako neurri handi batean Interneten menpe dauden ETE hauek IT sail propia ez dutela azpimarratzea garrantzitsua da. Hala ere, erreserben kudeaketara eta txartelen jaulkipenera zuzendutako GIAV, Ofiviaje eta antzeko online plataformak erabiltzen dituzte beren egunerokoan. Kontratuak eta bestelako dokumentazioa posta elektroniko bidez bidaltzen dituzte, eta horrek datu pertsonalen eta banku-datuen ohiko kudeaketa dakar. Guzti hori gutxi balitz,  hornitzaileei egindako transferentzien maiztasuna euren eguneroko jardueraren parte da.

ZIUReko aditu Iñaki Torrecillak eta Markel Gómezek sektoreari eragiten dioten eraso mota nagusiak azaldu dituzte, bereziki phishing, smishing, vishing eta ransomware kasuei arreta berezia jarriz. Arrisku-bektore nagusien artean, adituek nabarmendu dituzte erreserba-plataformetarako sarbide-kredentzialen lapurreta, erreserba-kudeaketarako ekipoetan ransomware bidezko infekzioa, eta hornitzaileen banku-kontuetan aldaketa faltsuak egitera zuzendutako ordezkapen bidezko iruzurra.

Parte-hartzaileek pasahitz sendoen erabileran, eguneratutako antibirus-soluzioetan, segurtasun-kopia sistemetan eta hodeiko zerbitzuen erabilera seguruan oinarritutako zibersegurtasuna indartzeko gomendio operatiboak jaso dituzte. 

Azkenik, ZIURek 400.000 euroko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza-deialdi berriaren berri eman die agentziei. Dirulaguntza horiek bi lerrotan banatzen dira: batetik, detekzio eta erantzun zerbitzuen (SOC, SIEM/SOAR eta adimen artifizial aplikatua) ezarpena eta zibersegurtasun-planen garapenera bideratutakoa; eta, bestetik, sareen segmentazioa, gailuen segurtasuna eta industria-trafikoaren monitorizazioa barne dituen OT azpiegituren modernizaziora zuzendutakoa.