Atzealdea ZIURek 'pentesting'-aren inguruko formazioa eman die Urola Erdiko enpresei

ZIURek 'pentesting'-aren inguruko formazioa eman die Urola Erdiko enpresei
ZIUR, Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentroak, Urola Erdiko enpresetako IT teknikariei eta arduradunei zuzendutako prestakuntza jardunaldi berri bat eman du Azpeitiko Basazabal jauregian. Iraurgi Berritzen Agentziaren lankidetzarekin egindako lan-saioak, parte hartu duten zazpi enpresen babes aktiboa eta prebentzio-kultura indartzeko helburuarekin, ‘pentesting’ tresnen bidez ahultasunak identifikatzea izan du ardatz.
Zibermehatxuen gorakadaren aurrean, enpresek beren informazioaren kudeaketaren euskarri diren sistemak aztertu behar dituzte, horien erabilerari lotutako arriskuak ebaluatzeko. Lan hori errazteko, sarketa-testa, intrusio-testa, ‘pen-testa’ edo ‘pentestinga’ bezalako analisiak egitea ahalbidetzen duten metodo eta tresna batzuk daude.
ZIUReko aditu Iñaki Torrecillak eta Markel Gómezek ‘pentesting’-aren inguruko sarrera labur batekin hasiera eman diote ‘Ahultasunen analisia: ‘Pentesting’, ahultasunen identifikazioa eta arinketa’ izenburupean egindako lan-saioari. Praktika hau ziberdelitugileek sistema informatikoak, sareak edo aplikazioak ustiatu aurretik ahultasunak identifikatzen dituen simulazio bat egitean datza eta dakartzan onurak azaldu dituzte aurkezpenean.
Gaia testuinguruan jarri ondoren, ZIUReko ICS Security Architect Iñaki Torrecillak eta Fundazioko zibersegurtasuneko analista Markel Gómezek, ‘pentesting’ tresna batzuk aurkeztu dituzte, hala nola ‘Nessus’ eta ‘Pentera’, eta horiekin ariketa praktiko bat egin dute. Amaitzeko, emaitzen eztabaida irekia dinamizatu dute.
Era berean, José Luis Grajera eta Juan Mari Calleja, eskualdean kokatuak dauden Ibarmia eta Biele enpresetako ordezkariak, hurrenez hurren, egon dira jardunaldian. Biek ‘pentesting’-aren aplikazioan euren bizipen eta praktika onak partekatu dituzte.
Bloke honen ondoren, bertaratutakoen artean esperientzien trukea sustatzeko helburuarekin, networking espazio bat egin da. Era honetan, eskualdeko enpresek esparru honetan garatzen ari diren ezagutzak, proiektuak eta jardunbide egokiak partekatu dira.
Jardunaldi hau, 2025eko laugarrena, Ikasiz programaren barruan kokatzen da. Programa horrek, ikaskuntza-prozesu kolektiboen bitartez, eskualdeko enpresetako IKT arduradunen trebakuntza, digitalizazioa eta teknologia berriak sustatzea helburu duen urteroko saio-ziklo bat du. Horretarako, lantaldeak lehenetsitako gaiei buruzko esperientzien trukean oinarritutako adituekin lan-jardunaldiak antolatzen dira. Enpresa bakoitzak, azkenik, proiektu praktiko bat aplikatzeko aukera du.