Atzealdea ZIURek SEIMeko zibersegurtasun masterreko ikasleei industria-zibersegurtasuna gerturatu die

ZIURek SEIMeko zibersegurtasun masterreko ikasleei industria-zibersegurtasuna gerturatu die
ZIURek bere instalazioetan hartu ditu informatika-ikasketetako SEIM zentroko zibersegurtasun masterreko ikasleak, industria-zibersegurtasuna ikuspegi estrategiko eta praktiko batetik ezagutarazteko helburuarekin.
Saioa María Penilla ZIUReko zuzendari nagusiak eta Iñaki Torrecilla eta Markel Gómez zibersegurtasuneko adituek eman dute. Jardunaldian zehar, ikasleek OT (Operational Technology) inguruneetara aplikatutako zibersegurtasunaren oinarrietan sakondu dute, industria-segurtasuneko arkitekturak, sektoreko araudi eta estandar nagusiak eta azpiegitura kritikoen babesa landuz.
Era berean, parte-hartzaileek Modbus, DNP3 eta OPC bezalako industria-protokoloen aurkako erasoen aurrean aplikatzen diren babes-neurriak ezagutu dituzte, baita industria-zibersegurtasunaren arloko joera eta teknologia berritzaile nagusiak ere.
Jardunaldiaren atal praktikoan, ikasleek ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute Kasperskyren KIPS simulazio-jokoan oinarritutako dinamika baten bidez. Jardueraren bitartez, uraren tratamendurako planta simulatu batean gertatutako ziberintzidente baten kudeaketan aritu dira, eraso baten aurrean erantzun- eta babes-estrategiak definituz eta ezarriz.
ZIUReko adituen gidaritzapean, ikasleek zibersegurtasuna negozioaren jarraitutasunean integratzearen garrantzian sakondu dute, eta prebentzio- zein erreakzio-neurriak aztertu dituzte; besteak beste, segurtasun-auditoriak, intzidenteei erantzuteko planak edo endpoint-ak babesteko soluzioak.
Prestakuntza teknikoaz gain, jardunaldiak ZIURek industria-zibersegurtasunaren arloan egiten duen sentsibilizazio- eta gaitze-lana ezagutarazteko ere balio izan du. Zentzu horretan, zentroak modu aktiboan egiten du lan enpresekin, ekosistemako eragileekin eta hezkuntza-zentroekin, Lanbide Heziketako, batxilergoko eta graduondoko zein masterretako programekin elkarlanean.
ZIURen eta SEIMen arteko lankidetza ez da berria; izan ere, industria-zibersegurtasuneko zentroak aurretik ere prestakuntzak eman dizkie Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko Goi Mailako Zikloko (ASIR) ikasleei.