Atzealdea ZIURek industria-enpresei laguntzeko Adimen Artifizialeko tresna jarri du martxan

2024 / 09 / 20
ZIURek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoen Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, industria-enpresei Europak onartutako araudi berrietako bat aplikatzen laguntzeko Adimen Artifizialeko tresna jarri du abian.

ZIURek industria-enpresei laguntzeko Adimen Artifizialeko tresna jarri du martxan

Fundazioaren webgunean eskuragarri dagoen laguntzaile birtualak NIS2 araudiari buruzko zalantzak argitzen ditu

ZIURek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoen Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, industria-enpresei Europak onartutako araudi berrietako bat aplikatzen laguntzeko Adimen Artifizialeko tresna jarri du abian. Zehazki, ZIURen webgunean eskuragarri dagoen laguntzaile birtualak (https://www.ziur.eus/eu/behatokia/laguntzaile-birtuala-nis2), Europar Batasuneko estatu kide guztientzat gutxieneko zibersegurtasun maila ezartzen duen NIS2 araudiari buruzko zalantza guztiak argitzen ditu.

Azken hilabeteotan, ZIURek araudi horren aplikazioari buruz galdera ugari jaso ditu Gipuzkoako industriaren aldetik. Sortu dituen zalantzen aurrean, zentroak AAri buruzko tresna hori abiaraztea erabaki du enpresei laguntzeko eta Europako arau berri hori ulergarriagoa egiteko.

Zehazki, NIS2 Zuzentaraua (2022/2555 (EB) Zuzentaraua) arau-esparru estrategikoa da Europar Batasunaren esparruan zibersegurtasunaren arloko egungo erronkei aurre egiteko. Hala, aplikazio-eremua zabaltzen du, eta estaldura handiagoa ematen die gizartean eta ekonomian garrantzi handiena duten sektoreei eta zerbitzuei. Gainera, eragindako erakundeek bete behar dituzten segurtasun-baldintzak indartzen ditu, gertakariak jakinarazteko prozesua zehazten du, hornidura-kateko segurtasunari eta hornitzaileekiko harremanei heltzen die, gorabeherei eta ahultasunen dibulgazioari buruzko informazio-trukea indartzen du eta krisi-euskarriko Europa mailako sarea ezartzen du (EU-CYCLONe).

Zuzentarau horrek sektore kritikoetako enpresa ertain eta handiei eragiten die, publikoak zein pribatuak izan. Sektore kritiko horien artean daude, besteak beste, energia, garraioa, banka, osasuna, ura, digitala, espaziala, IKT zerbitzuen kudeaketa, hondakinena, fabrikazioarena, kimikarena, ikerketa-erakundeena, elikadurarena edo zerbitzu digitalen hornitzailearena.

Berehalako sarbidea eguneko 24 orduetan

Laguntzaile birtual berri hori eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan dago eskuragarri, araudiari buruzko zalantzak argitzeko eta industria arloko enpresek arriskuak kudeatzeko neurriak nola ezarri edo sektore kritikoetan jakinarazpen-betebeharrak nola bete kontsultatu ahal ditzaten. Kontsulta dakiokeen zalantzaz gain, tresna informazio gehiago emateko ere prestatuta dago, dokumentu berriak edo bideoak erabiliz. 

Gipuzkoako industriak, hemendik aurrera, informazio zehatza berehala eskuratzeko aukera izango du, eta horrek, denbora aurrezteaz gain, zibersegurtasuna ere hobetuko du, ZIURen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusietako bat, alegia. “Espero dugu zerbitzu berri honek harrera ona izatea eta gure lurraldeko enpresei zibersegurtasunaren arloan lehiakorragoak izaten laguntzea. ZIURek horrelako tresnak merkaturatzen jarraitzeko asmoa du, gure industriari laguntzeko”, adierazi du María Penilla zentroko zuzendariak.