Atzealdea ZIURek 5Gak dituen arriskuez ohartarazi dio Gipuzkoako industriari

ZIURek 5Gak dituen arriskuez ohartarazi dio Gipuzkoako industriari
Irontec enpresaren laguntzarekin antolatutako tailerrak industria arloko hogei bat profesional bildu zituen
ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, OT inguruneetan 5G sareak ezartzearekin lotutako arriskuen aurrean informazioa eta babes-neurriak eskaintzeko helburuarekin, industria-sektoreko enpresei zuzendutako prestakuntza-jardunaldi bat egin zuen azaroaren 13an. Zentroaren instalazioek hartu zuten industria arloko hogei bat profesional bildu eta Irontec enpresako zibersegurtasuneko I+G aditu Xabier Sarrionandiak parte hartu zuen jardunaldia.
Saioan zehar 5G teknologia industria-inguruneetan txertatu aurretik balizko ahulguneak ezagutzearen garrantzia nabarmendu zen. Tailerraren helburua, enpresetako sistema informatikoen arduradunei 5G sare pribatuen funtzionamendua ulertzen laguntzea izan zen, balizko zibererasoen aurrean aktibo digitalen segurtasuna indartzeko soluzioak hartu ahal ditzaten.
5G teknologiak aurrerapen handia dakar konektibitatearen arloan: transmisio-abiadura handiagoa, latentzia txikiagoa eta gailuak konektatzeko gaitasun handiagoa eskaintzen du. Hobekuntza horiek industria-enpresentzat abaintaila suposatu dezaketen adimen artifizialean edo ikasketa automatikoan oinarritutako aplikazio berriei ateak irekitzen dizkiete. Hala ere, zibersegurtasunaren arloa behar bezala ezagutzea eta kudeatzea funtseskoa da berritasun horiek atxikita dakartzaten erronka berriak kudeatu ahal izateko.
ZIRUeko zuzendari nagusi Maria Penillak gidatu zuen ikastaroaren aurkezpena aurrez aurreko eta online formatuan: “5G alternatiba bideragarria da sare pribatu eta fidagarriak sortzeko Wi-Fi-a nahikoa ez den industria-inguruneetan”, azaldu zuen. Ondoren, Sarrionandiak 5G teknologiarekin eta teknologia horren oinarriekin lotutako teknologia irekien bilakaera azaldu zuen, eta arlo horretan nabarmendutako hainbat proiektu aurkeztu zituen.
Tailerrean zehar industria-inguruneetan aplikatzeko kasu errealak aztertu ziren, arrisku ohikoenak (hala nola kanpo-zerbitzuen erabilera edo identitatea ordezteko saiakerak) eta sareak babesteko defentsa-estrategia onenak erakutsiz. Sarrionandiak, era berean, 5G ingurune baterako arkitektura seguru bat nola eraiki azaldu zuen, industria arloan bereziki.
Jardunaldia amaitzeko, behar bezala hedatuta eta sekurizatuta ez dagoen 5G ingurune bat nola ustiatu azaltzeko erakustaldi praktiko bat egin zen. Horrela, bertaratutakoek, ZIUR eta Irontec enpresetako profesionalen gainbegiradapean, industria-inguruneetan (OT) balizko erasoak simulatu, segurtasun neurriak aplikatu eta 5G sareko konfigurazioekin esperimentatu ahal izan zuten.