Atzealdea ZIURek, zibersegurtasunaren arloko arau-eskakizun berrien aurrean, empresa-sareari ematen dion laguntza sendotu du

ZIURek, zibersegurtasunaren arloko arau-eskakizun berrien aurrean, empresa-sareari ematen dion laguntza sendotu du
Fundazioak, SPRI Taldearekin lankidetzan, Europako zibersegurtasun-araudien inguruko bi jardunaldi sektorialetan jardun du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen egokitzapena errazteko eskaintzen dituen programak eta tresnak aurkeztu ditu
ZIUR, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak, SPRI Taldeak ekainean antolatutako bi jardunalditan parte hartu du, euskal enpresa-ehunari zibersegurtasunaren arloko araudi-berritasun nagusiak hurbiltzeko eta enpresei gero eta zorrotzagoa izango den araudi-esparru batera prestatzen laguntzeko.
Cybasque, Euskadiko Klusterren Erakunde Dinamizatzaileak (ODC) eta sektoreko hainbat enpresa erreferenterekin lankidetzan antolatutako topaketa horiek Euskal Zibersegurtasun Mahaien proiektuaren barruan kokatzen dira, eta aeronautika eta espazioaren, osasunaren eta eraikuntzaren sektoreetako enpresei zuzendu zaizkie.
Jardunaldietan NIS2 Zuzentaraua, Cyber Resilience Act (CRA), Segurtasun Eskema Nazionala (ENS) eta Produktu Sanitarioen Erregelamendua (MDR) bezalako arau-esparruen eragina aztertu da. Araudi horiek datozen urteetan erakundeen jardun-ildoak markatuko dituzte, eta zibersegurtasuna lehiakortasunerako eta enpresen erresilientziarako elementu estrategiko gisa kokatzen dute.
Topaketa horien aurretik, parte hartu zuten enpresek, beren zibersegurtasun-egoera ezagutzeko, zein araudi aplikatzen zaien identifikatzeko eta betetze-bidean eman beharreko urratsak zehazteko, aurretiazko diagnostiko bat egiteko aukera izan zuten diseinatutako galdetegi baten bitartez. Analisi horren emaitzak abiapuntu izan dira izaera praktiko nabarmena izan duten saioetarako; bertan, SPRI, Cybasque, ZIUR, Seinale, Oesia eta Cybertix erakundeetako adituek arau-esparru nagusiak eta enpresen eskura dauden laguntza-neurriak aztertu dituzte.
ZIURen izenean, María Penilla zuzendari nagusiak araudi berriei lotutako framework nagusiak aurkeztu ditu, hainbat industria-sektoretako zibersegurtasunaren egungo egoeraren erradiografia egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen eskura jartzen dituen tresna, programa eta laguntza-ildoak ezagutarazi ditu.
Saioetan zehar, Penillak azpimarratu du erakundeek gaurdanik hasi behar dutela prestatzen gero eta zorrotzagoa izango den araudi-eszenatoki bati aurre egiteko; izan ere, zibersegurtasuna elementu osagarri izateari utzi eta produktu eta zerbitzu konektatuen diseinuaren eta bizi-zikloaren parte bihurtu da.
Lehen jardunaldia ekainaren 1ean egin zen Hegan klusterrarekin lankidetzan, «Hoja de ruta para la adopción de la NIS2 y CRA en el sector aeronáutico y del espacio» izenburupean. Bertan, sektoreko profesionalak eta enpresak bildu ziren zibersegurtasunaren arloan indartzeko eta laguntzeko neurriak aztertzeko, baita Europako eta eskualdeko politika eta ekimenekin lerrokatzea errazteko ere.
Ekainaren 3an, Basque Health Clusterren egoitzan «Ciberseguridad en el diseño de dispositivos médicos: integración de MDR, ENS y CRA» saioa egin zen. Jardunaldia osasun-teknologiako fabrikatzaileei, sektore publikoko hornitzaileei eta enpresa teknologikoei zuzendu zitzaien, haien zibersegurtasun-gaitasunak indartzeko eta Europako araudi-eskakizun berrietara egokitzea errazteko helburuarekin.
Ekimen horiek ZIURek azken hilabeteetan garatu dituen sentsibilizazio-, prestakuntza- eta aholkularitza-ekintzei gehitzen zaizkie, Gipuzkoako enpresei Cyber Resilience Act bezalako araudi berrien eragina ulertzen eta haien eskakizunei aurrea hartzen laguntzeko. Horien artean nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ZIUR Azelerazio Programa, produktu konektatuen ebaluazioa errazteko eta enpresei Europako araudi-esparru berrira egokitzen laguntzeko sortutako ekimen aitzindaria.
Lan horren bidez, ZIURek zibersegurtasun industrialaren sustapenean eta enpresa-sarea Europako araudi-aldaketetarako prestatzen erreferentziazko eragile gisa sendotzen jarraitzen du. Izan ere, Gipuzkoako enpresei erronka erregulatzaileei berme handiagoz aurre egiten eta gero eta digitalagoa eta zorrotzagoa den ingurune batean haien lehiakortasuna indartzen laguntzen die.