Atzealdea ZIURek Cyber Resilience Act legeari buruzko ezagutzak partekatu ditu Nafarroako industriarekin

ZIURek Cyber Resilience Act legeari buruzko ezagutzak partekatu ditu Nafarroako industriarekin
Fundazioak ZIUR Azelerazio Programa aurkeztu du Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) eta Navarra Cybersecurity Centerrek (NavCC) antolatutako zibersegurtasun jardunaldi batean
ZIURek “Actuaciones en el tejido industrial navarro ante la entrada de la Cyber Resilience Act” jardunaldian parte hartu du Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren (CEN) egoitzan Iruñean egindako topaketan. Jardunaldiak Nafarroako industria sektoreko hogei bat profesional bildu ditu, epe ertainean derrigorrezkoa izango den Zibererresilientzia oinarri duen Europako Legeak (CRA) enpresetan izango duen eragin praktikoa aztertzeko helburuz.
Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) eta Navarra Cybersecurity Centerrek (NavCC) antolaturiko saioan, ZIURez gain, Telefónica Tech, Orbik eta Govertis enpresek ere parte hartu dute. Jardunaldiak, Europako araudi horrek zibersegurtasunaren arloan enpresa-ehunarentzat planteatzen dituen erronka, inplikazio eta aukeretan sakontzeko abagunea eman die bertaratutakoei.
Testuinguru horretan, ZIUReko zuzendari María Penillak mahai-inguru batean parte hartu du David Imizcoz Telefónica Techeko Cybersecurity & OT Specialist-arekin, Daniel Chávarri MTorres Diseños Industrialeseko Software Engineering Manager-arekin eta Juan Ramón Aramendia Navarra Cybersecurity Centerreko (NavCC) koordinatzailearekin batera. Eztabaidak CRAra egokitzeko prozesuari eta industria erakundeek datozen urteetan izango dituzten beharrei buruzko ikuspegi desberdinak partekatzeko balio izan du.
Bere hitzaldian, Penillak ZIUR Azelerazio Programa aurkeztu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimen horrek, CRAren eskakizunetara egokitzen laguntzeko, zerbitzu espezializatuen katalogo bat eskaintzen die enpresei. Era berean, programari lotutako adituek araudia ezartzea errazteko eskuragarri dauden babes eta laguntza lerroak azaldu dituzte.
Bestalde, CENek, Nafarroako enpresei zibererresilientziaren arloko eskakizun berriak betetzen laguntzeko asmoz, Navarra Cybersecurity Centerren bidez sustatzen ari den jarduera eta laguntza ildoen berri eman du. Era berean, Telefónica Tech-ek, Govertis-ek eta Orbik Cybersecurity-k araudiaren irismenaren informazio praktikoa eta erakundeei eragin diezaieketen kontutan hartzeko alderdi nagusiak partekatu dituzte.
Jardunaldiak etorkizuneko erronka arautzaileei aurrea hartzeko eta Europako etorkizuneko legediarekin lerrokatutako zibersegurtasun eta zibererresilientzia neurriak ezartzen aurrera egiteko aukera eman die parte hartu duten enpresei.